Ez dago konplexurik ez duen gorputzik minduko ez zuena zenbait hitz itsusik nahiz berez ez daukadan keinu harroputzik gaur nire ausardia izango du gutxik… Bakarrik bada ere ez sentitzeko hutsik ispiluaren aurrean jarri naiz biluzik.
2.
Ispiluz bestaldeko horrek zerbait dauka… Ia pentsatu gabe esan diot: “Aupa, zure orbitan izan nahi dut astronauta mila izarren artean zuretzat bat hauta… Zurekin maitemindu al ninteke gauka? Zure edertasunak itsututa nauka”.
3.
“Zurekin hautsi nahiko nuke araudia eraikiz biok batzen gaituen zubia. Harribitxi bazina zinake “rubia” frutetan gerezia edo marrubia. Museo baterako a ze irudia… zure ezpainak eta zure ipurdia”.
4.
“Behingoz egin dugunez parez pare topo gorritu nahi zintuzket piropoz piropo… Batzutan maite zaitut bestetan gorroto nire pozoinentzako zaitut antidoto. Zugatik, zaitudanez benetan gustoko, kopla baten bi aldiz egingo dut poto”.
5.
“Perfume usaineko zure izerdia, daukazun bizipoza eta energia… Ez naiz parea galdu duen galtzerdia konpromezuak sortu ohi dit alergia hasi bedi elkarren arteko derbia zu naizelako nire laranja erdia”.
6.
“Zure ondoan egon nahiko luke nornahik denok desio dugu ausarta den norbait. Ez bazaitu asetzen hainbat lore alaik isilik egongo naiz ez zaitezen gogait, Instagramen jarriko dizkizut mila “like” zu gabe bizitzea ezinezkoa zait”.
Gorputza aldatzen joaten da bizitzan zehar, dena aldatzen den bezalaxe. Gorputz guztiek dute beren edertasuna. Haurtzaroko gorputzetan, gaztaroko, zahartzaroko gorputzetan, zer da gehien atsegin zaiguna?