Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Lore koplak

  • Bertsolaria(k): Ixiar Eizagirre
Piropo festa, koplatan!
1.
Maiteminduta nagola
borborka daukat odola
Zergatik segi argia ordaintzen?
Zu zara nire Iberdrola!

2.
Zu zaitut gailurra, maite
zure baietza bitarte
Everestera oxigenorik
gabe igoko nintzake.

3.
Ausardia dut bertute
zure muxu baten truke
liztor asiatikoen erlautzan
sudurra sartuko nuke.

4.
Egin behar bada borroka
ausarta naiz, bost inporta
Nik erraz hilko nuke zugatik
balea txankletazoka.

5.
Zientziak frogatu bezela
jabetu gara horrela
aldaketa klimatikoaren
arrazoia zeu zarela.

6.
Emaidazu guraizea
urra dezadan haizea
Eguzki banintz, ta zu ilargi
ze maitasun eklipsea.

7.
Etsitzear nago zinez
zugana heldu ezinez
Zure begiak itsaso dira
ta nik igeri jakin ez!

8.
Espaloian zoazela
banilla eta kanela
Gero esango dute loreek
ibiltzen ez dakitela.

9.
Horren guapo, hain perfekto
mister nazioarteko...
Esan zein duzun zure izena
Olentzerori eskatzeko.

10.
Nola zaitudan hain laket
seguru esan dezaket
zu xagu ta ni katu bagina
libre utziko zintuzket.