Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Batetikan korrozka

  • Bertsolaria(k): Anjel Mari Peñagarikano, Andoni Egaña
  • Doinua: Antton eta Maria I
1986ko Txapelketan Peñagarikano eta Egañaren arteko ofizio honek lehertu zuen Donostiako belodromoa. Fermin Muguruzak azalduko digu nola bururatu zitzaien bertsoaldi hura "Bertso Hop" bihurtzea Negu Gorriak taldekoei...
1.
Egaña (amona)
Batetikan korrozka,
bestetik errena,
ohia okupatu du
hori da txarrena,
ez da pinta kabala
honek dakarrena,
kantzontzilorik gabe
ohean barrena,
pixkat gutxio edan
ezazu hurrena. (bis)

2.
Peñagarikano (parranderoa)
Gaur parrandan jo ta ke
hor dabil gizona,
lehenen pasilloa jo
ta gero komona,
uste nuen hau zala
nik nere moñoña,
laztantzen hasi naiz ta
ez da horren ona,
mozkorra nator eta
barkatu amona. (bis)

3.
Egaña (amona)
Ez diot txartzat hartu
muxuka hastea,
nahiz oraindik ez egon
holako gaztea,
ez da gauza ederra
buru eskastea,
hari tokatu behar
holako trastea,
martiri bihurtu du
bere emaztea. (bis)

4.
Peñagarikano (parranderoa)
Nun ibili naizen ni
esan det lehenago,
amonaren ondoan
ederki ez nago,
izan ere edan det
horrenbeste ardo,
gutxienez bazitun
hoitazazpi grado,
bota egin behar det eta
oñala nun dago? (bis)

5.
Egaña (amona)
Ohean sartu zaigu
kolpera onduan,
lapur gaizto ta trakets
hoietxen moduan,
pixa egin ezazu
toki seguruan;
kordea banatzeko
hemen inguruan,
poltsa beroarekin
joko det buruan. (bis)

6.
Peñagarikano (parranderoa)
Poltsa beroarekin
hortxe jo nau danba!
Ni ez naiz lotsatuko
egia esanda,
amonan errezoa
holaxe izan da:
«Requiem est domine
virgo beneranda»,
gehio ez naiz etorriko
amona edanda. (bis)

Gaia: Peñagarikanok gaur egundoko parranda bota du. Eta etxera etortzean, emaztearen ohean sartu ordez, Egaña amonaren ohean sartu zara.