Bertsolaria(k):
Anjel Mari Peñagarikano,
Andoni Egaña
Doinua:
Antton eta Maria I
1986ko Txapelketan Peñagarikano eta Egañaren arteko ofizio honek lehertu zuen Donostiako belodromoa. Fermin Muguruzak azalduko digu nola bururatu zitzaien bertsoaldi hura "Bertso Hop" bihurtzea Negu Gorriak taldekoei...
1.
Egaña (amona)
Batetikan korrozka, bestetik errena, ohia okupatu du hori da txarrena, ez da pinta kabala honek dakarrena, kantzontzilorik gabe ohean barrena, pixkat gutxio edan ezazu hurrena. (bis)
2.
Peñagarikano (parranderoa)
Gaur parrandan jo ta ke hor dabil gizona, lehenen pasilloa jo ta gero komona, uste nuen hau zala nik nere moñoña, laztantzen hasi naiz ta ez da horren ona, mozkorra nator eta barkatu amona. (bis)
3.
Egaña (amona)
Ez diot txartzat hartu muxuka hastea, nahiz oraindik ez egon holako gaztea, ez da gauza ederra buru eskastea, hari tokatu behar holako trastea, martiri bihurtu du bere emaztea. (bis)
4.
Peñagarikano (parranderoa)
Nun ibili naizen ni esan det lehenago, amonaren ondoan ederki ez nago, izan ere edan det horrenbeste ardo, gutxienez bazitun hoitazazpi grado, bota egin behar det eta oñala nun dago? (bis)
5.
Egaña (amona)
Ohean sartu zaigu kolpera onduan, lapur gaizto ta trakets hoietxen moduan, pixa egin ezazu toki seguruan; kordea banatzeko hemen inguruan, poltsa beroarekin joko det buruan. (bis)
6.
Peñagarikano (parranderoa)
Poltsa beroarekin hortxe jo nau danba! Ni ez naiz lotsatuko egia esanda, amonan errezoa holaxe izan da: «Requiem est domine virgo beneranda», gehio ez naiz etorriko amona edanda. (bis)
Gaia: Peñagarikanok gaur egundoko parranda bota du. Eta etxera etortzean, emaztearen ohean sartu ordez, Egaña amonaren ohean sartu zara.