Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Gaur nerabea dena

  • Bertsolaria(k): Josu Telleria Uriarte
  • Doinua: Gogoratuko zara
Aita batek bere alaba nerabeari zuzendutako bertsoak. Guraso eta seme-alaben harremanean gertatzen den aldaketa, nerabezaroan. Etxeko gatazkak.
1.
Gaur nerabea dena
atzo umea zen
gurasoak sarritan
ez gara ohartzen
bizitza azkar doa
oker edo zuzen,
nahiz ta saiatzen naizen
ez zaitut ulertzen
bertsotan egingo dut
argitu gaitezen.

2.
“Batu ezazu gela”
hamaikagarrenez
“oraintxe noa aita”
nahiko modu txarrez,
telebista aurrean
ni jarri naizenez
“aita kendu erditik”
ta aita kendu ez
azkenean joan zara
gelara negarrez.

3.
Gure etxeko giroa
lehertzen da bronketan
nazka azaleratuz
zure begietan
gutaz lotsatzen zara
leku guztietan
konpontzen duzu esaten
“utzi ni baketan”
ez zaitut ezagutzen
askotan benetan.

4.
Zuk zer gertatzen zaizun
ez duzu ulertzen
eta guk ez zaitugu
sarritan laguntzen
gorputz-buruak ari
zaizkizu aldatzen
baina pentsa dezagun
zerk gaituen batzen
joan beharko dugu
denok egokitzen.

5.
Gure aldartea ere
askotan nork jakin
lana, etxea eta
beste abarrekin
leporaino gaudenez
gure ardurekin
sarri ordaintzen dugu
ondokoarekin
ea gozatzen dugun
denok elkarrekin.

6.
Sofan ere ez zatoz
aspaldi ondora
“nagusia” zarenez
badela denbora,
lehengo kiliki, mimo….
orain ez da moda,
lehen dena zen muxu
ta orain aizkora,
desiatzen nago ta
etorri altzora.

7.
Askotan daukat zure
irria gogoan
ohera burumakur
triste joandakoan
ia lasaitzen garen
guztiok behingoan
nahiz ta garai berri hau
gazi-gozo doan
beti izango nauzu
laztana alboan.