Gaur nerabea dena atzo umea zen gurasoak sarritan ez gara ohartzen bizitza azkar doa oker edo zuzen, nahiz ta saiatzen naizen ez zaitut ulertzen bertsotan egingo dut argitu gaitezen.
2.
“Batu ezazu gela” hamaikagarrenez “oraintxe noa aita” nahiko modu txarrez, telebista aurrean ni jarri naizenez “aita kendu erditik” ta aita kendu ez azkenean joan zara gelara negarrez.
3.
Gure etxeko giroa lehertzen da bronketan nazka azaleratuz zure begietan gutaz lotsatzen zara leku guztietan konpontzen duzu esaten “utzi ni baketan” ez zaitut ezagutzen askotan benetan.
4.
Zuk zer gertatzen zaizun ez duzu ulertzen eta guk ez zaitugu sarritan laguntzen gorputz-buruak ari zaizkizu aldatzen baina pentsa dezagun zerk gaituen batzen joan beharko dugu denok egokitzen.
5.
Gure aldartea ere askotan nork jakin lana, etxea eta beste abarrekin leporaino gaudenez gure ardurekin sarri ordaintzen dugu ondokoarekin ea gozatzen dugun denok elkarrekin.
6.
Sofan ere ez zatoz aspaldi ondora “nagusia” zarenez badela denbora, lehengo kiliki, mimo…. orain ez da moda, lehen dena zen muxu ta orain aizkora, desiatzen nago ta etorri altzora.
7.
Askotan daukat zure irria gogoan ohera burumakur triste joandakoan ia lasaitzen garen guztiok behingoan nahiz ta garai berri hau gazi-gozo doan beti izango nauzu laztana alboan.