Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Itsasontziaren kantua

  • Bertsolaria(k): Josu Landeta
  • Doinua: Azken arnasa eman nahi nuke
Kantuan agertzen zaigun itsaso hori, zer ote da?
1.
Leiho ertzetik gabiltzanean
itsasoari begira
abenturaren grina sartzen da
gure bihotzen erdira.
Aita-amengandik aska gaitezen,
gogoa tiraka ari da
mugak eraitsiz nahi genioke
eman munduari bira
baina ur handi sakon horiek
engainagarriak dira.

2.
Uretan intxaur oskolak legez
mila eginbeharren kolpez,
sarri klasean gogoz gabiltza
sarri istiluetan nekez.
Gora eta behera ibili arren
zabu mugimendu batez
saiatu izana ez da izango
inoiz ere gure kaltez,
urterik urte sendotuz goaz
gure lanaren bitartez.

3.
Ur handiotan segi beharra
benetan maiz da gogorra,
horren samurra ez baita izaten
gure umore aldakorra.
Pentsa munduko erdigunea
ez dela gure zilborra.
Geure nortasun gotorretatik
harturik bidezidorra,
elkar onartuz baietz aurkitu
desio dugun altxorra.

4.
Inoiz edo behin gure artean
zabaltzen da arrakala
kaioak legez hegan badator
haserrearen itzala.
Hautsitakoa konpondu nahia
ez da irtenbide makala
enbata ostean dastatuz gero
maitasunaren zabala
elkar hartuta senti gintezke
arraina uretan bezala.

5.
Bizitzan zehar aurrera goaz
menturazaleen antzera
gure ahaleginez helduko gara
amesten dugun lurrera.
Olatuaren txanpa hartuta
begiratu iparrera
maite gaituen jendea lagun
izango dugu aukera
itsasontzian bidaiatzeko
nahi dugun portu onera.