Leiho ertzetik gabiltzanean itsasoari begira abenturaren grina sartzen da gure bihotzen erdira. Aita-amengandik aska gaitezen, gogoa tiraka ari da mugak eraitsiz nahi genioke eman munduari bira baina ur handi sakon horiek engainagarriak dira.
2.
Uretan intxaur oskolak legez mila eginbeharren kolpez, sarri klasean gogoz gabiltza sarri istiluetan nekez. Gora eta behera ibili arren zabu mugimendu batez saiatu izana ez da izango inoiz ere gure kaltez, urterik urte sendotuz goaz gure lanaren bitartez.
3.
Ur handiotan segi beharra benetan maiz da gogorra, horren samurra ez baita izaten gure umore aldakorra. Pentsa munduko erdigunea ez dela gure zilborra. Geure nortasun gotorretatik harturik bidezidorra, elkar onartuz baietz aurkitu desio dugun altxorra.
4.
Inoiz edo behin gure artean zabaltzen da arrakala kaioak legez hegan badator haserrearen itzala. Hautsitakoa konpondu nahia ez da irtenbide makala enbata ostean dastatuz gero maitasunaren zabala elkar hartuta senti gintezke arraina uretan bezala.
5.
Bizitzan zehar aurrera goaz menturazaleen antzera gure ahaleginez helduko gara amesten dugun lurrera. Olatuaren txanpa hartuta begiratu iparrera maite gaituen jendea lagun izango dugu aukera itsasontzian bidaiatzeko nahi dugun portu onera.