Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Behar duenari lagunduz

  • Bertsolaria(k): Ander Lizarralde Jimeno
  • Doinua: Lili bat ikusi dut I, Urzo xuri pollit bat A
Gure ikasgela talde bat izan dadin, garrantzitsua da kide bakoitza zaintzea.
1.
Irakaslea
Egunon ikasleak!
Zer moduz zaudete?
Gaur nahiz eta badugun
zeregin dexente
itxi liburu denak,
ez orririk bete...
Honi buruz hitz egin
nahiko nizueke:

2.
Begiratu Mikelen
eserleku hutsa
bera da orain dudan
kezka honen funtsa
aspaldi triste ditu
bihotz ta gorputza
uste dut behar dula
gu denon laguntza.

3.
Gutxienez badira
bost edo sei aste
gelan falta ohi dena
agertzen den beste
zuek ere pentsatzen
ipini zaitezte,
aspaldian zergatik
falta den hainbeste?

4.
Haritz
Agian da birus bat
hartu duelako
MIREN
Edo besterik gabe
alfertu delako!
IRAKASLEA:
Ta izan al daiteke
zuen usterako:
gure artean ongi
ez dagoelako?

5.
Irakaslea
Agian dago samin
ta minez beteta
jaso ez duelako
gu denon arreta
LUCÍA:
Besteak ere gaude
harekin erreta
beti guri burlaka
aritzen da eta!

6.
Irakaslea
Esaten duzuena
egia izaki
ez dizuet jarriko
hamaika aitzaki
zuekin egiten du
maiz akats galanki
baina beste inola
hurbiltzen ez daki.

7.
Zein arazo dabilen
bere bihotzean
jakingo dugu bere
lekuan jartzean
ta zer gertatzen zaion
imajinatzean:
HUGO:
agian arazoak
dituzte etxean…

8.
Sara
Agian gurasoak
doaz banatzera…
BORJA:
ama botako zuten
lanetik kalera…
ERIKA:
edo gaixorik dauka
anai edo arreba…
BEÑAT:
Zergatik utzi dugu
hain aparte bera?

9.
Irakaslea
Ohartu egin zara
ta asko da Beñat!
Ez zaitezela gaizki
sentitu erabat.
Mikel poztu dezagun
ideia bat daukat!
Egingo al diogu
ongi etorri bat?

10.
Mikel hola zaintzea
gauza ederra da
bi helburu beteko
baititugu hara:
Hobeto sentituko
zaigu beharbada
ta gu ere hobeto
sentituko gara!