Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Eta apartatzen banaute?

  • Bertsolaria(k): Nerea Ibarzabal
  • Doinua: Seme ezarri bainauk
Lagun taldean inor baztertzeko modu sotil asko daude. Eta zer egiten dugu, bazterketaren ikusle garenean?
1.
Lekua da parkea
ordua, 17:30
gozokiak erosi
bankutan eseri
astebururo mila
par eta komeri
nahiz kuadrilla jatorra
garela ageri
gaur ere ez diogu
hots egin Leireri.

2.
Leire da beti lotsaz
mutu dagoena
gainera ez da Lurren
lagunik onena…
baina gehiegitxo da
ez deitzearena
isilik daude Markel,
Xan eta Elena…
bakarra al naiz hori
pentsatzen duena?

3.
“Ez gure ostikaden,
ezta gure hitzen
bidez ez dugu Leire
inoiz ere mintzen
ez mehatxu, ez irain,
ez “tonta”, ez “gizen”
beste gabe, ez gara
berekin ibiltzen”
pentsatu arren, ez naiz
hobeto sentitzen.

4.
Leialtasuna dugu
kuadrillako tratu
eurekin ibil nadin
zapatuz zapatu.
Leire ere gugana
nahiko nuke batu
ahalegintxo bat egin
eta gerturatu…
baina ez dut nahi bere
lekuan bukatu.

5.
Taldearen aurrean
kikildu ohi gara
baina zelan baretu
barruko bulkada?
Mezu bat bidaliko
diot gero, hara
ze, zintzo jokatzea
dakigun erara
ausartak izateko
beste modu bat da.

6.
-Kaixo Leire, zer moduz?
-Ei, Nerea, hola!
-Aizu, etzi al dugu
mateko kontrola?
-Bai, ez dut gaindituko…
-Nik ez dakit nola…
ulertuko al du hitzei
kenduta oskola
barkamena eskatzen
ari natzaiola.