Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Txorimaloburuari

  • Bertsolaria(k): Amets Arzallus
  • Doinua: Neguaz primadera I
Sorta honetan, lore beldurtuak aurre egingo dio bere zapaltzaileari, Txorimaloburuari. Aurre egitera ausartzeko, loreak amorru handia sentitu behar izan du. Izan ere zapaltzen gaituztenean, amorrua sentitzea ezinbestekoa zaigu, besteei mugak jartzeko.
1.
Txorimaloburuak
Amak hainbeste tira
ohi dit belarria
ia ez daukat bere
lekuan jarria...
ta ahanzteko etxeko
ikara larria
eskolan bihurtzen naiz
ikaragarria.

2.
Hemen aurkitu zaitut
panpinatxo galdu
zure sator muturrak
irririk ez al du?
Zer zabiltz, ez zazula
malkorik zabaldu
egizu nik bezala
beste bat zapaldu.

3.
Lore beldurtuak
Besteek nire minak
ikus ez ditzaten
borreroa datorkit
aholku ematen...
Beste bat zapaltzeko
errex da esaten
denak ez gara horren
maltzurrak izaten.

4.
Zure mespretxu keinu
ta burlazko hitzen
oihartzunen taupadak
ez zaizkit isiltzen.
Izuak nau ahultzen,
eta lotsak biltzen
bizitzeko gogorik
ez baitzait gelditzen.

5.
Nerabezaroa da
nortasunen gerra
zu ni zapalduz egin
zaituzte liderra.
Besteen miresmenak
dakarzun plazerra
handia izango da
baina ez ederra.

6.
Baina gaur esnatu naiz
atzo ez bezala
erantzi behar dizut
otsoen azala.
Beldurrezko ipuinak
libre utz nazala
jolastu zaitezte zu
ta zure itzala.

7.
Txorimaloburua
zoaz baratzera!
Eta zu salbatzeko
inor zapaltzera
ez zaitez niregana
etorri atzera
zoaz zure ikarak
madarikatzera.

8.
Bakardade pixka bat
ongi datorkizu
nik ahizpa zaharrago bat
dudala jakizu
niri hark lagundu dit
ez izaten izu
zuri ere norbaitek
lagunduko dizu.