Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Beldurrari

  • Bertsolaria(k): Beñat Gaztelumendi
  • Doinua: Zure bular politak
Gure barruko beldurrari.
1.
Ai, beldurra bakarrik
gaude azkenean
gelan, autobusean,
kalean, trenean
ez didazu zauririk
sortzen barrenean
parez pare begira
jartzen naizenean.

2.
Zer ote zaren ez da
erraza jakiten:
zakur handi bat dena
nire bila irten
nahiz sabel barrenean
duzun eragiten
zaunkak zaunka ez duzu
horzkarik egiten.

3.
Itzal ilun bat zara
nigana begira
auto beltz bat igoa
espaloi erdira
soka bat eztarrian
tira eta tira...
Beldurrik ez dutenak
ausartak al dira?

4.
Agertzen zara gauak
direnean laino:
sentiarazten nauzu
txiki, ahul, ñaño.
Nahiz parean zutitzen
zaren zeruraino
urruntzean ez zara
koskatxo bat baino.

5.
Orain beldurra diet
hainbat harremani
entzuten ez ditudan
hamaika esani...
Dardarka jarri arren
azal eta mami
nirekin zaramatzat
baina ez zara ni.

6.
Beldurra diot tunel
ilun, luze horri
egunsentiak jaiki
direnean gorri
azkar ibiltzen zara
korri eta korri:
behin joaten zara eta
bi aldiz etorri.

7.
Zurekin aurkitzea
hain arrunta baitzen
nahiz haseran indarrak
zitzaizkidan ahitzen
zu sentitu arren dut
aurrera jarraitzen
zuri esker baitakit
zein ausarta naizen.

8.
Beti ez dut ematen
pausoa seguru
baina behin ipinita
biok buruz buru
denborak hurbileko
egin baikaitu gu
elkarrekin bizitzen
ikasiko dugu.