Zer ote zen tristura ez nekienean iseka egin nizun, goibel zeundenean. Nigandik urruntzen joan zinen azkenean huts hori igarri dut gaur aldamenean mina sentitu arte barren-barrenean.
2.
Hau da, beraz, tristura, barreneko mina laguna, zu irainduz, neuri eragina. Barkatuko bazenit burlaizez egina hau konponduta, berriz bi lagun bagina berdin du, baina ez naiz izango berdina.
3.
Ongi etorri tristura, negar eta malko zuri min ematean mindu naizelako eta eroriz egin dudalako salto ni zu lako bihurtuz, eta zu ni lako bioi buruz gehiago jakin dudalako.
4.
Mila esker tristura, huts, min eta zauri eta hari hainbeste, mila esker zuri. Barkamen eske joan natzaizu urduri barruko indar batek agindu dit “mugi!” irribarrez eskertu dizkizut musu bi.
5.
Agur, orain, tristura, joan dadila lasai berez desager zedin ez naiz geratu zai etsia ez bainuen hartu gura etsai. Neurez naiz zailtasunei aurre egiteko gai eta ez dut tristuran kateatzerik nahi.
6.
Hurren arte, tristura, nahikoa dut jada urrunxeago edo bertatik bertara lehenago, geroago... ikusiko gara eta berriz esango dut gaurko erara bizitzea gogorra eta ederra da.