Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Xomorro pozak

  • Bertsolaria(k): Uxue Alberdi
  • Doinua: Gizona da zoroa
Bizitzako poz txikiak eta handiak.
1.
Zer da plazer txiki hau
bertso berrietan?
Xomorroak al zaizkit
hasi errietan?
Azkura eginez oin
eta gerrietan...
Urduri jartzen dira
udaberrietan!

2.
Eskurtsio bezperan
ohean, irrikan;
maiteminduen ezpain
ertzeko irritan;
udalekuetara
iritsi berritan...
pozak marrazten dizkit
tximeletak tripan.

3.
Ahaztu azterketak,
partiduak, krosak!
Ametsez ta musikaz
bete altabozak,
mantapean irentsi
nazala gaur sofak!
Kiribildurik nauka
kukurutxa-pozak.

4.
Gol bat sartu ondoren
Lionelen posez,
pizza bat afaltzea
kirolari-gosez,
mezu bat jasotzean
lau bihotz arrosez...
Nola ez jauzi egin
matxinsalto-pozez!

5.
Lagunen ezkutuan,
arratsa oskorri
sekretuen txokora
egin dugu korri...
Musu bat eman diot
bi masailak gorri..
Marigorringo-poza
deitzen diot horri!

6.
Bertso, ipuin, margolan...:
giltza eta ate;
plazer ematen didan
kreatibitate
hau inurri-poza da
buru ta hankape
ideiek kili-kili
egiten didate.

7.
Ilargi bete zeru,
zelaian kanpina
lagunen kantu-hotsa
eta kriskitina,
lo-zaku berean bi
sartuko bagina...
Kilkerren poza zer den
ezkutaezina!

8.
Egun arrunt bateko
iluntze arrosa
niretzat lerrokatzen
denean kosmosa...
Espero ez dena da
plazer baliosa...
Horri deitzen diot nik
ipurtargi-poza.

9.
Gurasoei gabon,
musu ta adio,
telebista bat urrun,
gaua marmario.
Gorputz bat adiskide
eta kontrario...
Erlearen pozari
eztia dario.

10.
Pozak badaki hegan
guk baino gorago!
Hanka ugari ditu...
edo bat gehiago!
Ezkutatuko balitz
xomorro, pikaro...
Zuk ikusi ez arren
beti hortxe dago.