Ahaztu azterketak, partiduak, krosak! Ametsez ta musikaz bete altabozak, mantapean irentsi nazala gaur sofak! Kiribildurik nauka kukurutxa-pozak.
4.
Gol bat sartu ondoren Lionelen posez, pizza bat afaltzea kirolari-gosez, mezu bat jasotzean lau bihotz arrosez... Nola ez jauzi egin matxinsalto-pozez!
5.
Lagunen ezkutuan, arratsa oskorri sekretuen txokora egin dugu korri... Musu bat eman diot bi masailak gorri.. Marigorringo-poza deitzen diot horri!
6.
Bertso, ipuin, margolan...: giltza eta ate; plazer ematen didan kreatibitate hau inurri-poza da buru ta hankape ideiek kili-kili egiten didate.
7.
Ilargi bete zeru, zelaian kanpina lagunen kantu-hotsa eta kriskitina, lo-zaku berean bi sartuko bagina... Kilkerren poza zer den ezkutaezina!
8.
Egun arrunt bateko iluntze arrosa niretzat lerrokatzen denean kosmosa... Espero ez dena da plazer baliosa... Horri deitzen diot nik ipurtargi-poza.
9.
Gurasoei gabon, musu ta adio, telebista bat urrun, gaua marmario. Gorputz bat adiskide eta kontrario... Erlearen pozari eztia dario.
10.
Pozak badaki hegan guk baino gorago! Hanka ugari ditu... edo bat gehiago! Ezkutatuko balitz xomorro, pikaro... Zuk ikusi ez arren beti hortxe dago.