Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Zergatik

  • Bertsolaria(k): Arkaitz Estiballes
Maitemintzean sentitzen diren zalantzak, lotsak, beldurrak, ausardiarik eza.
1.
Hamaika urte baditut
eta dakit ia dana,
zergatik ez dut ulertzen
zer den gertatzen zaidana?

2.
Koadernoan goiz osoa
nabil bihotzak marrazten,
baina zergatik ez diot
whatsapp polit bat idazten?

3.
Klasean esertzen bada
bera nire gibelean,
zergatik sentitzen ditut
tximeletak sabelean?

4.
Hizketan isildu gabe
egon naiteke ordu bi,
bera aurrean badago
zergatik nago urduri?

5.
Nire barruan guztia
denean korapilatu,
zergatik ez diet ezer
nire lagunei kontatu?

6.
Bera beste norbaitekin
ikusten badut barrezka,
barruan zergatik sortzen
zaizkit horrenbeste kezka?

7.
Klasean egoten banaiz
buru-belarri lanean,
zergatik ez nago adi
bera ez datorrenean?

8.
Sarritan ausarta banaiz
zergatik ez naiz ausartzen
orain sentitzen dudana
noizbait berari kontatzen?

9.
Bera ez bada etorri
sekula nire etxera,
zergatik gonbidatu nau
bere urtebetetzera?

10.
Benetan zoragarria
baldin bada maitasuna,
galdera hauei noiz eman
behar diet erantzuna?