Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Baldarrak

  • Bertsolaria(k): Unai Mendizabal
  • Doinua: Hona bildots eztia
"Erorketa zelebreak" koplatan. Umorezko sorta.
1.
Gure herrian bada
baldarra ugari
berriz deitu diogu
anbulantziari.

2.
Pasatzen ari zela
etxean fregona
irristan hankaz gora
joan da amona.

3.
Jon traktoretik behera
jausi da, begira
ximaur pila gainera
buruz erori da.

4.
Loreak ureztatzen
ari zen izeba
ta nahi gabe erori da
balkoitik behera.

5.
Postariak eskerrak
zeraman kaskoa
farola bat jo eta
hautsi du motoa.

6.
Anek sudurra hautsi
du pareta jota
lokarriak lotzea
ahaztu zaio ta.

7.
Leireri kuleroak
ikusten zaizkio
txakurrak ipurdian
koxk egin baitio.

8.
Udaltzaina zuzentzen
kotxe trafikoa
putz egin ta irentsi
du txilibitoa.

9.
Anbulantzia ere
dabil hola hola
aldapan behetik gora
jo baitu arbola.

10.
Nahiz herriko mozkorrak
duen fama txarra
bera da minik hartu
ez duen bakarra.