Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Unibertsoa

  • Bertsolaria(k): Ander Elortegi
  • Doinua: Zazpiak oihal batetik
Unibertsoa, Eguzki Sistema, planetak ezagutzeko sorta.
1.
Espazioa ezagutzea
gure txikitako nahia.
Jantzi trajea, jarri kaskoa
eta bota erregaia.
Lau, hiru, bi, bat, zero... heldu da
abiatzeko garaia
begiak itxiz egin dezagun
unibertsora bidaia.

2.
Mila milioika galaxia daude
unibertsoan barrena
eta gureak, hain zuzen dauka,
Esne Bidea izena.
Izarrez, gasez, hautsezko lainoz
osatuta dagoena
espiral horren beso batean
dago eguzki sistema.

3.
Eguzkia da sistema honen
erdiguneko izarra.
Hidrogenoak ta helioak
pizten dute bere garra.
Landare eta animaliek
daukate bere beharra
hortik jasotzen da bizitzeko
energia ta indarra.

4.
Zortzi planeta dira guztira
gaur sistema honen parte,
eguzkiaren bueltan orbita
ezberdin bana dakarte.
Harriz eginak Merkurio, Lurra,
Artizarra eta Marte;
gizakiak ez dauka bakerik
bertara iritsi arte.

5.
Jupiter eta Saturno, berriz,
gasez osatuta daude;
Urano eta Neptuno ere
egitura horren jabe.
Pluton gelditu zen planeta bat
izateko dohain gabe
tamainaz txiki zelako egin
behar izan zuen alde.

6.
Beti borrokan ari garenez
grabitatearen aurka
berriz lur hartu edo aldendu
norberak behar du hauta.
Ziur norbaitek bere burua
orain ilargian dauka
denok daukagu gure barruan
ezkutuko astronauta.