Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Konplize ditut eta

  • Bertsolaria(k): Uxue Alberdi
  • Doinua: Konplize ditut eta
Emakumeen arteko aniztasuna eta ahizpatasuna.
1.
Emakume zuzenak,
okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta
zerrama irtenak,
itsusiak, politak,
atletak, herrenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

2.
Langileak, alferrak,
lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak,
klaseko lehenak,
ale desegokiak,
andre txit gorenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

3.
Ama onak ta txarrak,
ama ez direnak,
lurrera jausi arte
mozkortzen onenak
ta umeen merienda
usaina dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

4.
Lotsatiak, ausartak
argalak, gizenak,
iletsuak, soil-soilak,
marimutilenak,
katemeak, gorilak
panterak, zezenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

5.
Lehen munduko emeak,
kapitalistenak,
lur usaia daukaten
andre indigenak,
zuri, gorri, horiak,
beltzetan beltzenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

6.
Markesaren alabak,
neskame gizenak,
printzesak ta sorginak,
ogroak, sirenak,
Maritxuak, Bartolo
itxura dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Mikel Markezek "Indar bat dabil hor" lanean jasotzen den "Konplize ditut eta" abestiarekin egindako aurrerapen bideoa, Aire Ahizpekin kantaturikoa.