Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Abizenaren aurretik izena ere badugu

  • Bertsolaria(k): Miren Amuriza, Maddalen Arzallus
  • Doinua: Iskin hontatik idazten dizut
Bertso Eguna 2010, afalosteko bertso jarriak. Amei eskainitako sorta.
1.
Ez dut gogoan lehen musua
lehendabiziko bularra,
ez dut gogoan bizirauteko
bertatik edan beharra;
nahiz eta ahaztu amak lehenengo
eginiko irrifarra,
ziur naiz hortik datorkidala
bertsotarako indarra.

2.
Nere herriko neskatxa maite
kantatzen zidan gauetan,
eta halaxe hasi ohi nintzen
egunero ametsetan;
gaur gure amaren sehaska-kantez
gogoratzen naiz plazetan,
haren ahotsa ateratzen zait
kantuan nagoenetan.

3.
Nahiz ta gutxitan aipatu dudan
bertsotan bere izena,
nahiz txapelketan bere lekua
den guztietan zailena,
sarri esan dit nere fansetan
handiena bera dena,
baina ez daki ni neu naizena
bera miresten duena.

4.
Haren ondoan bizi izan naiz
erregina bat bezela,
ezin zitekeen hobeto bete
ama on baten papela;
segundo batez pentsatuz gero
ni epaile bat naizela,
euren buruan jarriko nuke
Euskal Herriko txapela.

5.
Etxe barruko lamina eta
inguruetako dama;
bihar goizean hurbil zaitezte
goxo-goxo beregana,
ta esaiozue orain artean
lotsaz gordetako dana:
eskerrik asko guztiagatik,
asko maite zaitut, ama.

*Bideoan emanaldi osoa ikusgai. Sorta hau 5:50 minututik aurrera dator.