Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Amunari

  • Bertsolaria(k): Julio Soto
  • Doinua: Bizia ez da nehoiz egoiten
Zaintza lana eskertuz, hil den amonari.
1.
Iruritarra zinen jaiotzez,
familian jateko lain.
Kristobalekin ezkondu zinen
Gorritiraino gainez-gain.
Hamalau seme-alaben ama
etxekoandre, umezain.
Bizi laurogeita hamabost urtez
begiak itxita orain.
Beti irrifar bat ezpainetan
Agapita Barasoain.

2.
Etxetik irten aurretik beti
kezkatan, pentsamentuan.
“Julio arroltze bat nahi al duzu?
Iñen datzut momentuan”.
“Ezetz amuna” (etsitzen zuen
hirugarren intentuan).
“Ta pañueloa hartu al duzu?
Tori, eraman eskuan”.
Nonbait bi bihotz zenituen guk
bakarra dugun lekuan.

3.
Beti xahartuta ikusi zaitut,
beti aurpegi ximela.
Beti soineko ilun batekin
mantal azpian sabela.
Tokilla more bat bizkarrean,
atzo, gaur, bihar bezela.
Jakin nekien lur honetatik
denak joaten ginela.
Baina batzutan sinesten nuen
zu betirako zinela.

4.
Begiak biltzen nituen zure
aldameneko ohatzean.
Esnatzen zinen bi-hiru aldiz,
nik buelta erdi ohartzean.
Komunera joan eta etorri,
nigana gerturatzean.
Leihoa ireki, gaua usaindu,
lanpara argiz atzean.
Orain arnasa falta zait zure
ohatzera begiratzean.

5.
Heriotza da beti heriotz
bere malko, bere minen.
Baina honek zer kendu didan ez
nuke esaten jakinen.
Bizitza ez zait aurrera lehen
bezalakoa eginen.
Amuna eta biloba baino
zerbait gehiago baikinen.
Zuk “seme” deitzen ninduzun eta
zu niretzat ama zinen.

6.
Pazko, udara, urtezahar-berri,
igandeetako aintza.
Jendez betetzen zen sukaldea
mahai inguruko zaintza.
Kafesnea ta galletak zure
bisitaroko eskaintza.
Familiako enborra zinen
maitakorra, berdingaitza.
Orain jakingo al dugu nola
mantendu zutik zuhaitza.

Iturria: Argia astekaria.