Iruritarra zinen jaiotzez, familian jateko lain. Kristobalekin ezkondu zinen Gorritiraino gainez-gain. Hamalau seme-alaben ama etxekoandre, umezain. Bizi laurogeita hamabost urtez begiak itxita orain. Beti irrifar bat ezpainetan Agapita Barasoain.
2.
Etxetik irten aurretik beti kezkatan, pentsamentuan. “Julio arroltze bat nahi al duzu? Iñen datzut momentuan”. “Ezetz amuna” (etsitzen zuen hirugarren intentuan). “Ta pañueloa hartu al duzu? Tori, eraman eskuan”. Nonbait bi bihotz zenituen guk bakarra dugun lekuan.
3.
Beti xahartuta ikusi zaitut, beti aurpegi ximela. Beti soineko ilun batekin mantal azpian sabela. Tokilla more bat bizkarrean, atzo, gaur, bihar bezela. Jakin nekien lur honetatik denak joaten ginela. Baina batzutan sinesten nuen zu betirako zinela.
4.
Begiak biltzen nituen zure aldameneko ohatzean. Esnatzen zinen bi-hiru aldiz, nik buelta erdi ohartzean. Komunera joan eta etorri, nigana gerturatzean. Leihoa ireki, gaua usaindu, lanpara argiz atzean. Orain arnasa falta zait zure ohatzera begiratzean.
5.
Heriotza da beti heriotz bere malko, bere minen. Baina honek zer kendu didan ez nuke esaten jakinen. Bizitza ez zait aurrera lehen bezalakoa eginen. Amuna eta biloba baino zerbait gehiago baikinen. Zuk “seme” deitzen ninduzun eta zu niretzat ama zinen.
6.
Pazko, udara, urtezahar-berri, igandeetako aintza. Jendez betetzen zen sukaldea mahai inguruko zaintza. Kafesnea ta galletak zure bisitaroko eskaintza. Familiako enborra zinen maitakorra, berdingaitza. Orain jakingo al dugu nola mantendu zutik zuhaitza.