Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Tratu onak

  • Doinua: Agur sagar beltzeran
Harremanetan elkarri tratu ona ematearen garrantziaz. Zaintza. Parekidetasuna. Elkarbizitza.
1.
Inguruan eraiki
nahian tratu ona
bide berean goaz
praka eta gona
berdin da kolorea
neurria zein forma
elkarrekin hartua
elkarri emona
elkarbizitzan dago
gure zoriona.

2.
Berdin zaigu altua
lodia zein fina
berdin da jatorria
Maroko zein Txina
dantzan bikaina edo
pilotan “makina”
librea nahi dut izan
eta desberdina
horrek egingo bainau
besteen berdina.

3.
Erantzun txar batekin
begi biak heze
bakarrik sentitzea
hain gogor, hain luze
klasera etortzea
denean oinaze
elkar babes gaitezen
konfiantzaz ase
isiltasunak egin
orduko konplize.

4.
Gure buruak maita
ditzagun laguna
besteak maitatzeko
da behar duguna
kideei eskaintzeko
dugun ondasuna
autoestimua da
horren erantzuna
nork bere buruari
dion maitasuna.

5.
Tratu txarrak bere gain
dakarren katea
nahi nuke eten eta
pozik ikustea
beldurrik gabe bizi
den jende askea
gustatzen zait ohean
esna amestea
tratu onak bakarrik
dauzkan jendartea.