Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Emakumeen aurkako indarkeria

  • Bertsolaria(k): Jone Uria Albizuri
  • Doinua: Baserrian jaio nintzan
Gaia: Gizona zara. Goizaldean etxera bidean, neska bat doa zure aurretik oinez. Neskak, zure pauso hotsak entzuteagaz batera, ibilkera azkartu dabela somatu dozu. // Bat-bateko saioa.
1.
Bilbon parrandatik bueltan
mozkor sartu naiz metrora
ta buruak egin dizkit
hiruzpalau ziaboga.
Tripa ere dantzan neukan
noski, behera eta gora
baina azkenik Algortan
irten ahal nintzen kanpora.
Neska bat daukat aurrean
eukiko ez banu hoba
pausoa azkartzen dabil
pasa ahala denbora.
Esango nioke “lasai,
joan zaitezke gustora”.
Baina hitz egiten badiot
gehiago beldurtuko da.

2.
Hiru farola eskasekin
kalean ez dago giro
eta nola ez sentitu
neskak hainbeste bertigo.
Hau pasa behar ote du
etxera doan aldiro?
Ez dakit zer egin martxa
bajatu edota igo.
Beldurtzeko nahiz badaukan
berez nahikoa motibo,
hiru aldiz begiratu nau
ta laugarrenez berriro
ta ni epaituz bezala
begiekin egin tiro
ta ez dakit nola esan
“ez dizut ezer egingo”.

3.
Nolatan gertatu diren
aspaldi hainbat atake
gu ere jada epaitu
izaten garamatzate.
Nahiz hau konpontzeko izan
nik nahikoa borondate,
nire pauso hots bakoitza
bihurtu da bere kate.
Mundu hau eraiki dugu...
Ze mundu ta ze gizarte!
Mundu matxista honetan
ni ere naizenez parte.
Banku baten eseri naiz
nire etxetik aparte,
ta hementxe itxoingo dut
nahikoa hurruntzen den arte.

Bizkaiko Txapelketa Finala, 2016.