Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Ez dakit zertaz mozorrotu inauterietan

  • Bertsolaria(k): Aitor Mendiluze
  • Doinua: Sagutxo batzuekin
Inauterietan janzteko mozorroa hautatzen.
1.
Negua ia dago
bere azken mugan
eta festa giroa
zabaldu da gugan
otsailean gure
betiko ohituran
inauteriak datoz
eta berriz dudan
ea mozorro on bat
aukeratzen dudan.

2.
Jantzi koloretsua
loredun kapela
aurpegirako sudur
gorria duela
ileorde laranja
berdea bestela
uste nuen mozorro
egokia zela
nola ote dakite
denek ni naizela?

3.
Cowboyez janzten banaiz
kapela prestatu
koadrodun alkandora
amari eskatu
nire bakero zahar
nire bota altu
inoiz ezin dezaket
jantzia osatu
pistolak ez baitzaizkit
sekula gustatu.

4.
Sorginez janzten banaiz
eskutan erratza
txano beltz puntaduna,
ileorde latza
dena beltzez jantzita,
gomazko behatza
sudur luzea eta
barretxo garratza
denek hartzen didate
amonaren antza.

5.
Badut jantzi marroi bat
larruzkoa dena
bururako luma bat
ere baduena
Ipar Amerikako
lehengo indigena
lagunen esanetan
alferrik dut dena
nik beti egiten dut
indioarena.

6.
Ez daukat mozorrorik
gabe egoterik
ez daukat ez soineko
ez ileorderik
inork bere laguntza
emango ote dit?
Nire lau mozorroak
kaxatan gorderik
ba al duzue inork
ideia hoberik?