Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Neguko Eskea - eredu gehiago

  • Doinua: Bonbolontena nere laztana I-A
Eguberri, Urte Zahar, Santa Ageda bezperako Eskean kantatzeko koplak. Bi eta hiru puntukoak.
1.
HASIERAKO AGUR FORMALA (2 puntukoa)
Kaixo lagunak kantari goaz
ate batetik bestera
hontara ere etorri gara
kantura eta eskera.

2.
HASIERAKO AGUR FORMALA (2 puntukoa)
Santa Ageda bezpera da-ta
bagatoz kopla kantari
makilak joaz esna dadila
eskatuz gure lurrari.

3.
HASIERAKO AGUR FORMALA (3 puntukoa)
Iepa lagunak bagatoz
denak jarri gara ados
gaurko eguna koplak kantatuz
ondo pasatzeko asmoz.

4.
HASIERAKO AGUR FORMALA (3 puntukoa)
Kaixo zer moduz kuadrila
bagatoz koplari pila
kantua zuei eskaini eta
zuen irriaren bila.

5.
ZIRIKAZKOA (2 puntukoa)
Herrian zehar kopla kantari
heldu gara farmazira:
Gure etxeko aiton-amonak
zuei esker bizi dira.

6.
ZIRIKAZKOA (2 puntukoa)
Goxoki denda hontan sartzeko
egoten gara irrikak
herriko umeek hemen ikasten
ditugu matematikak.

7.
ZIRIKAZKOA (3 puntukoa)
Gaude udaltzain etxean
galdezka nator, letxean
zuetan zeinek jartzen du multa
beti amaren kotxean?

8.
ZIRIKAZKOA (3 puntukoa)
Marikarmen pelukera
zugana etorri gera
gure koplarik txorrotxenekin
ileak puntan jartzera.

9.
ESKEKOA (2 puntukoa)
Iaz probatu genuen eta
zer nolako arrakasta
aurten osorik jan nahi genuke
etxe honetako gazta.

10.
ESKEKOA (2 puntukoa)
Urdaiazpiko edo sagardo
txanpona edo papera
nahi duzuena bota poltsara
erraz konformatzen gera.

11.
ESKEKOA (3 puntukoa)
Hemen da gure kuadrila
bere limosnaren bila
eskuzabalak omen zarete
orain ikusi dadila.

12.
ESKEKOA (3 puntukoa)
Guk ezer baino gehiago
askari on bat nahiago
ogi gogorra onartzen dugu
barruan zerbait badago.

13.
BUKAERAKO AGUR FORMALA (2 puntukoa)
Eskerrik asko limosnagatik
eta harrerarengatik
bide osoak merezi zuen
hona etortzeagatik.

14.
BUKAERAKO AGUR FORMALA (2 puntukoa)
Eskerrak eman eta bagoaz
zuen etxetik aparte
osasunez ta umorez segi
agur, hurrengora arte.

15.
BUKAERAKO AGUR FORMALA (3 puntukoa)
Etxekoei mila esker
ezin esan beste ezer
berriz biltzeko beste urte bat
igaro dadila laster.

16.
BUKAERAKO AGUR FORMALA (3 puntukoa)
Agur, bagoaz bidean
hotsak zabalduz airean
hurrena ere bil gaitezela
aurtengo giro berean.