Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Besteei begira

  • Bertsolaria(k): Arkaitz Zipitria
  • Doinua: Nere senarrarekin I
Ikasgelako gatazkak. Errua besteari botatzeaz, nork bere partea ez onartzearren.
1.
-Aupa arratsalde on
zer moduz zaudete?
- Zu gabe askoz ere
hobeto geundeke...
-Gauza bat, komunera
joan al naiteke?
-Zeinek lapurtu dizkit
bi kromo pakete?!

2.
-Lehen orrian hasiko
dugu gaur eguna.
-Hori ja egin dugu...
-Jope! Ze astuna...
-Zergatik jarri duzu
kopeta iluna
ba al dakizu zer den
egingo duguna?

3.
-Boligrafo guztiak
bota dizkidate!
-Eta berak lehenago
esan dit callate!
-Hodeirekin berbetan
zabiltza jo ta ke...
-Eta horrek egiten
ote dizu kalte?

4.
-Hitz egiten ematen
duzu loritoa...
-Zu txibato bat zara,
berbalapikoa!
-Ea, amai dezagun,
ez al da nahikoa?
-Zergatik jo didazu
orain ostikoa?

5.
-Hankak jarri dituzu
nire mahai azpian...
-Ipini ditut libre
zegoen tokian...
-Bakoitzak egon behar
du bere zatian...
-Baina ni ez naiz sartzen
modu egokian!

6.
-Niri bost, hori ez da
nire arazoa...
-Ez al dago soberan
lehengo erasoa?
-Idaztean luzatzen
du bere besoa...
-Ze bestela ezin dut
idatzi bertsoa!

7.
-Berdin dio zergatik
sortzen den nahastea
besteak du errua
beti da bestea...
Ez al dugu hobeto
gugandik hastea
ta ondokoak kontutan
hartzen ikastea.