Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta A eta B?

  • Bertsolaria(k): Oihana Iguaran
  • Doinua: Herri txikien negu gordina
"Neska" ala "Mutil" sailkatu beharraz. Genero rolak.
1.
Ikasgelan A eta B gisan
bereizita mutil/neska
bitik batean sartu beharrak
eragiten digu kezka
moldean ezin kabitu eta
sentitzen gara gainezka...
Sailkapenera egokitzea
derrigorrezkoa ez da.

2.
Laida da neska pilotaria
ta ditu esku abilak
nahiz partidutan animo asko
eskaini bere koadrilak
Laidaren ertza ez du onartzen
nesken molde borobilak
Marimutila dela esan dio
bere gustuko mutilak.

3.
Martin dantzari arinena da
gaitasun okerra ote?
Ez da gelako beste mutilak
diren bezain gizonkote
moldez kanpoko zaletasunak
bihurtzen dira barrote
berak gozatzen duenagatik
barre egiten diote.

4.
Jarrera horrek gela osora
dakar mila baldintzapen
besteek kezkaz ikusten dute
zigor hori zein litzakeen.
Ez da erraza beti besteek
nahi duten hori izaten...
Euren burua ukatzen dute
besteek onar ditzaten.

5.
Ausardia ta indarra dira
arrei dagozkien aipu
emeak xume eta goxoa
berez izan behar baitu...
Zergatik gure itolarrian
besteen hatsa epaitu?
Besteei lotzen diegun sokak
gu ere estutzen gaitu.

6.
Jende erreal gutxi sartzen da
zaldunean ta printzesan
ta beste batzuk neska zein mutil
diren ere ezin esan
ikas dezagun errespetua
izaten bizikidetzan
bere neurriko moldea zein den
norberak hautatu dezan.