Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Oiongo jaiak: KATXIA

  • Bertsolaria(k): Iker Olabarrieta
Oiongo Katxia, neguko bufoi zaratatsua da; bere funtzio nagusia da neguko lozorroan dagoen natura esnatzea. "Katxiaren iraulketa"n, lurrean etzan eta herriko banderaren azpian biraka hasten denean, lurra bera ernaltzeko eta eguzki berria (argia) berriz sortzeko erritu magikoa antzezten du. Neguko iluntasunaren aurrean Oiondarrek urtarrilean berezko duten pozaren eta biziraupen senaren ikur indartsua da.
1.
Irauli, irauli
Katxia dantzan, lurrean irauli
Oiongo ordezkari
Altxatzean gorazarre
Bizente ta Anastasiori.

2.
Astindu, astindu
Zinegotziak bandera astindu
Herritar orori
Gogoratuz, gogoratuz
Oion dela hiribildu.

3.
Badatoz herriko ‘mozoak’
Emakume eta gizonak
Badoaz Oiongo gazteak
Zuriz jantzita denak.

4.
Badatoz Oiongo gazteak
Aurrera atzera dantzari
Badoaz herriko ‘mozoak’
Zaindariak gidari.

5.
Gaiten eta danborren harira
Gogoz dantzan ari dira
Hamaika dantzarien segida
Zaindariei begira.

6.
Dantzariak jotzen kriskitinak
Dantzan salto oin arinak
Dantzan iruten Oiongo grinak
Nahiak eta ezinak.

7.
Jaiak dira, jaiak dira
Jendearen ikusmira
Jaiak dira, jaiak dira
Dantzan jira bira.

8.
Erromerian dantzan
Bero-bero, arin-arin
Festak goza ditzagun
Denok elkarrekin.

9.
Bixentasio, Bixentasio
San Bizente Anastasio
Bixentasio, Bixentasio
Gure bi zaindari.