Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Inauteriak Euskal Herrian

  • Bertsolaria(k): Asier Alcedo
Euskal Herriko 7 herrialdeetan aberastasun handia dugu inauterietan. Jantzi mozorroak eta has dezagun bidaia, euskararen lurretan barna!
1.
Inauteri garaia
gurera heltzean
lore bat jaiotzen da
gure bihotzean
KU KU KU KU
nor egongo ote da
maskara atzean?
Diru eskean gatoz
ba alda inor etxean?

2.
Zuberoan Zamaltzain
eta Pitxu beltzez
edalontzi gainean
dantzatzen du errez
KU KU KU
Lapurdin Kaskarotak
makilekin kolpez
Kotilungorriekin
kontuz ibil zaitez.

3.
Erraldoitxoak dantzan
Behe Nafarroan
Bolant dantzak kaletan
jarririk lerroan
KU KU KU
Lesakan Zaku zaharrak
lastoa zorroan
sagurik sartu al da
zure mozorroan ?

4.
Nafarroatik zenbat
mozorro ezberdin
Momotxorro, Sorginak
Ziripot Mielotxin
KU KU KU
Arizkungo Hartzak du
erpe ta letagin
Joaldunen pausoan
joareek klin-klin.

5.
Kanpezun Toribio
zubitik jaurti ta
Zalduondon Markitos
astoan jarrita
KU KU KU
arratsaldean dauka
epaiketan zita
su emango diote
ondo merezita.

6.
Eibarren Koko-dantza
Donostin Kauterak
zenba ezinak dira
Tolosan janzkerak
KU KU KU
hegan ileordeak
ta hegan txisterak
soilik tristetzen gaitu
jaien amaierak.

7.
Mundakako Lamiak
irrintzika aske
Durangon Surraundiek
sudur punta tente
KU KU KU
Trapagaran Ortuella
ta Portugalete
Oilar beltza kaiola
barruan daukate.

8.
Loreak koloreak
mozorro ugari
hartza esnatu da ta
txoriak kantari
KU KU KU
zer deritzozu gure
proposamenari
dantzatzen badiogu
udaberriari?