Bertsolari Egun hartan, hiru emakumeok egin zuten bertsoaldi hau esanguratsua egin da gerora, "bertsolaritzako une mitikoetako bat" izateraino: oholtzan sinbolizatzen zuen berritasunagatik, bertsolarien mezuengatik, gerora hiru bertsolariok egin duten ibilbideagatik...
1993ko Bertsolari Egun hura esanguratsua izan zen, beste bi motiborengatik ere...
Lazkao Txikiren azken bertso saioa izango zen huraxe; plazan ez zuen gehiago kantatuko, bihotzeko gaixotasunez hilko baitzen laster. Bideoan ikus genezake, oholtzan, atzean eseritako bertsolarien artean.
Bestetik, garai hartan, Bertsolari Egunetan aldiro omentzen zen bertsolaritzari ekarpena egin zion norbait. 1993ko Bertsolari Egunean, bi kide omendu ziren: bat Alfonso Irigoien Euskaltzaina zen, 1960ko hamarkadan bertsolari txapelketen antolakuntzan lan esanguratsua egina, eta epaile eta gai jartzaile lanetan aritua. Beste omendua Santi Onaindia zen, bere garaian bertsolaritzaren ikertzaile nagusietako bat, batez ere bertso idatzien zale eta aztertzaile izan zena eta Bizkaiko lehen txapelketetan epaile izana.
Bideoan ikus ditzakegu, atzean eserita zeuden bertsolarien artean, Ibarra, Lujanbio eta Arozenaren bertsoaldia entzuten. Saioa amaituta, hiru bertsolariak ikusiko ditugu bi omenduak agurtzen.