Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Gure Zirkua

  • Bertsolaria(k): Uxue Alberdi
  • Doinua: Oihaneko pagoak blai
Izan al gara inoiz Gure Zirkuan? Sartu-sartu barrura, espektakulua hastera doa-eta! Mendi Urruzuno argazkilariak eramango gaitu unez une, iruditan, eta Uxue Alberdik argazki bakoitzari kopla jarriko dio, gitarra lagun.
1.
Begira zirkuko filak,
behelainotan bonbilak;
aspaldi ume izan zirenak
ta oraingo neska-mutilak. (bis)

2.
Argindar sokan bi txori,
orekaria da hori;
baietz artista zutik mantendu
eta itzala erori. (bis)

3.
Ilunpeko foku argi,
gau epeleko ilargi…
Gaur ilusio bat piztu bada,
nork daki, igual bihar bi. (bis)

4.
Pailazoak bi zapata,
ahateak kakaraka,
ume txiki bat negar malkotan,
amona bat algaraka. (bis)

5.
Xaguxarraren kulunka,
trapezioan zabuka,
ia jausi da, ia jausi da…
Hara, zintzilik dirau-ta! (bis)

6.
Zapiak, kartak tolestu,
mago bakarrak lau esku,
lilurapean hemen nork ez du
sinestezina sinestu? (bis)

7.
Oihala soinaren kusku,
tximeleta bat biluztu,
argi more bat piztu da eta
airea loturaz hustu. (bis)

8.
Lau ilargi parez pare
gora ta gorago hare,
orbita baten dantzan dabiltza
urrutira joan gabe. (bis)

9.
Zuhaitz adar eta zurtoin,
eskumutur, hatz eta oin;
munstro bakar bat bihurtu dira
elkarri helduta bi soin. (bis)

10.
Sugandila bihurria,
aldrebes irakurria,
zer animali mota da hori?
harritu da inurria. (bis)

11.
Zikoinak zeruan hegan
soineko zuritik edan…
Mutiko batek ahoa eskuz
estali du lehen ileran. (bis)

12.
Ileordea, sudurra,
ilusioa, beldurra…
Guztia ez da egia baina
deus ere ez da gezurra. (bis)