Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Oroitzeko moduko haurtzaroen alde

  • Bertsolaria(k): Nerea Ibarzabal
Gurutze Gorriak jostailu bilketa kanpaina egiten du Gabonetan, etxe guztietara Olentzero iritsi dadin. 2023ko kanpaina bertso musikatuekin dator, bideoaz.
1.
Eguberritan umez
betetako plazak
nork bere poztasunak,
nork bere korazak
nork bere etxeak ta
etxeko solasak...
baina denok berdindu
gaitzake jolasak.

2.
Jupiter puntaraino
igo bizikletan
mahai-jokoetan luze
jardun berriketan
ikusiz zer dagoen
kutxa itxietan
mundu bat zabaltzen da
zure begietan.

3.
Panpinari ipuina
kontatzen bi ordu
gero medikutara
lagundu diogu
jostailu bakarrean
zenbat bizimodu
zure irudimenak
erabakiko du.

4.
Zertarako ezpatak
ta esku-burdina?
Zer dela-ta bi bando:
arrosa ala urdina?
Dorreak erortzea
zaila da, jakina
baina ez oinarritik
hasiko bagina.

5.
Zure hegazkinean
hegan gabiltzala
klarionaz margotu
dut bion itzala
jostailu batek poza
dakarren bezala
jolasteko denbora
ekarri dezala.

6.
Elkartasuna biltzen
bada alez ale
nornahi izan daiteke
jostailu emale
zatozte ta bihurtu
gure lagun-talde
oroitzeko moduko
haurtzaroen alde.

*Gurutze Gorriaren "Jostailu Hezitzailea" kanpainaren informazioa, hemen.