Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Gorputzaren hitzak

  • Bertsolaria(k): Maddalen Arzallus
  • Doinua: Ama begira zazu
Hitzik egin gabe, gorputzaren bidez zer espresatzen dugu? Iturria: Ikaselkar hezkuntza argitaletxea. Kimu Erronka, LHren lehen etaparako sortutako ikasmaterial globalizatua.
1.
Nire gorputz-atalei
begira bazaude,
nik hitz egingo dizut
hitzik egin gabe.

2.
Burua mugitzen dut
gora eta behera,
bestela, eskuinera
eta ezkerrera.

3.
Lepoa sar nezake
sorbalda artean,
bai edo ez erantzun
ez dakidanean.

4.
Ahoa zabaltzean
belarrietaraino,
ez da politagorik
munduan ni baino.

5.
Besteetan jartzen naiz
oso mutur-luze,
kokotxa behera eta
besoak gurutze.

6.
Ustekabean dauzkat
ahoa zintzilik,
bekainak altxatuta,
begiak zabalik.

7.
Baina begi bat itxi
daiteke keinuka,
bihurria izateko
gogoa badauka.

8.
Eskuak jartzen ditut
tripontzi gainean,
txokolate gehiegi
jaten dudanean.

9.
Bestela, eskuekin
masailak estali,
gorri-gorri jarrita
ez nadin kiskali.

10.
Giharrak erakutsiz
ondo gogortuta,
ikusiko nauzue
bularra puztuta.

11.
Sentitzen naizen arren
indartsu, ausarta,
tarteka jartzen zaizkit
belaunak dardarka!

12.
Bihotza bizkortzen zait
nahiz eta ez ikusi
barne emozioak
badira nagusi.