Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Ezetz lanbideak asmatu

  • Bertsolaria(k): Ane Labaka Mayoz
  • Doinua: Igaran egun batez
Bertsoa entzun eta ea antzematen dugun zein lanbide den. Iturria: IkasElkar hezkuntza argitaletxea. Kimu Erronka, LHren lehen etaparako sortutako ikasmaterial globalizatua.
1.
Porturaino iristen
denean arraina,
Rosak sareei hartu
ohi die tamaina.
Jostorratzekin oso
abila da, baina
eskuetan izaten
du itsas usaina.

2.
Iker ere aurkeztu
nahi nuke jarraian,
aritzen da zarata
orekatu nahian,
gu denok esertzeko
gogotsu, alai, han;
platerak jartzen ditu
jantokiko mahaian.

3.
Iratik ere badu
nahikoa meritu,
bolantea helduta
ezin errenditu.
Garraio kontuetan
bera da aditu;
errepide guztiak
ezagutzen ditu.

4.
Naimak ahalik ondoen
zaintzen du eszena,
bikain atera dadin
gero antzezpena.
Ulertzeko moduan
idazten du dena:
aktoreek oholtzan
esango dutena.

5.
Jonek prest izaten du
ardientzat aska,
larre berdeak dira
beraientzat bazka.
Maitasunez eginak
badu arrakasta,
gozoena da berak
egindako gazta.

6.
Nikok heldu ohi dio
gogor erratzari,
batzuetan isilik,
besteetan kantari,
trapua eskuetan
ari denez ari,
ospitalea dago
egunero garbi.