Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Zentzumenak

  • Bertsolaria(k): Uxue Alberdi
  • Doinua: Estutzen ez bagaitu
Iturria: IkasElkar hezkuntza argitaletxea. Kimu Erronka, LHren lehen etaparako sortutako ikasmaterial globalizatua.
1.
Egunsenti gorria,
ibai gardena,
liburuak, margoak
eta zinema:
ai, ikusmena!
mundurako leihoa, begiarena.

2.
Orroaka trumoia,
txistuka trena,
suhiltzaile-kamioi
baten sirena:
ai, entzumena!
mundurako atea, belarriena.

3.
Amaren izerdia,
aitaren krema,
puzker bat izaretan
lokartu dena:
ai, usaimena!
mundurako bidea, sudurrarena.

4.
Pastelaren erdia,
limoi laurdena,
neguan arrain-zopa,
amamarena:
ai, dastamena!
mundurako zubia, ahoarena.

5.
Luma baten laztana,
zizta!, eztena,
kilima bat lepora
heltzen ez dena:
ai, ukimena!
mundurako txirrista, azalarena.

6.
Egunsenti gorria,
txistuka trena,
amaren izerdia,
limoi laurdena,
zizta!, eztena,
mundua ez al da bost zentzumenena?