Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Liburutegia

  • Bertsolaria(k): Erika Lagoma
  • Doinua: Zeruari begira
Iturria: IkasElkar hezkuntza argitaletxea. Kimu Erronka, LHren lehen etaparako sortutako ikasmaterial globalizatua.
1.
Hartzak eman zizkidan
bi muxu potolo,
ipuinetan agertu
zitzaidan Tartalo,
mendi malkartsuetan
bizpahiru bufalo,
liburua zabalik
geratu nintzen lo.

2.
Txirrista magiko bat
nuen agerian,
ur-jauzian ibili
nintzen igerian,
eta agertu nintzen
basoen erdian
nire ametsetako
liburutegian.

3.
Lasterka sartu nintzen
ta zilipurdika.
Liburuzaina larri
aulkian jarrita.
Ondotik pasa nintzen
urduri, irrika,
erdi hanka puntetan
ixilka-mixilka.

4.
Goxokizko lanparak,
lurrean harriak,
eskailerak, pasilo
ikaragarriak,
egurrezko apalak,
liburu gorriak
irudiak, hizkiak,
papiro orriak.

5.
Ipuin ederrenetan
arrastoz arrasto
abenturazko hiru
ta bi poliziako.
Izan nintzen espioi
uso, matxinsalto,
liburu bat mundu bat
izaten delako.

6.
Begi bat zabaldu dut
ahaleginean,
zapore arraro bat
daukat mingainean.
Orduan ikusi dut
gela urdinean
liburua itxita
gau mahai gainean.