Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Izan gaitezen

  • Bertsolaria(k): Alaia Martin
  • Doinua: Trumoia ortzi beltzean hoska
Ipuin klasikoetan agertzen den maitasun erromantikoaz, eta printze-printzesa rolez.
1.
Printzesa eder, printzipe guapo
Mari Errauskin edota zapo…
naranja erdirik ez zazu bila;
zeu osoa zarelako.
Zeure begiez bizi, eta ez
besteen begientzako
-egin dorretxetik salto-
Aske bazara ez duzulako
askatzailerik beharko.

2.
Konplexuz gizen ta pisuz lumak,
besteentzako panpin kuttunak
izan gaitezen agintzen digu
sarritan gure garunak.
Izan gaitezke handi zein txiki,
azkarrak edo tuntunak,
braketdunak, barredunak...
Erakargarri egiten gaitu
gure berezitasunak.

3.
Bizitzak dauzka hainbat zutabe
pozak, tristurak ta dudak daude…
Dena aldatzen da, ta soilik gara
geure buruaren jabe.
Ate bat itxi eta beste bat
zabaltzen da parez pare;
lotu ta askatu xuabe.
Edonor gabe bizi gintezke
eta edonor gu gabe.

4.
Gaurrak puskatzen du iragana
eta egunak gaua darama
eta hasten den bezain natural
bukatzen da harremana.
Ez zazu pasa bizitza osoa
begiratuz beste(e)ngana;
bila zazu zeugan barna:
zeu zara zeure zorionean
eragin gehien daukana.

5.
Jardin handi bat duten etxeak
asko balio duten kotxeak
bikote beti irripartsuak
Instagrameko poseak…
Askatasuna ematen digu
topikoak birrintzeak
inperfektu sentitzeak
ipuinetan bakarrik daude
printzesak eta printzeak.