Printzesa eder, printzipe guapo Mari Errauskin edota zapo… naranja erdirik ez zazu bila; zeu osoa zarelako. Zeure begiez bizi, eta ez besteen begientzako -egin dorretxetik salto- Aske bazara ez duzulako askatzailerik beharko.
2.
Konplexuz gizen ta pisuz lumak, besteentzako panpin kuttunak izan gaitezen agintzen digu sarritan gure garunak. Izan gaitezke handi zein txiki, azkarrak edo tuntunak, braketdunak, barredunak... Erakargarri egiten gaitu gure berezitasunak.
3.
Bizitzak dauzka hainbat zutabe pozak, tristurak ta dudak daude… Dena aldatzen da, ta soilik gara geure buruaren jabe. Ate bat itxi eta beste bat zabaltzen da parez pare; lotu ta askatu xuabe. Edonor gabe bizi gintezke eta edonor gu gabe.
4.
Gaurrak puskatzen du iragana eta egunak gaua darama eta hasten den bezain natural bukatzen da harremana. Ez zazu pasa bizitza osoa begiratuz beste(e)ngana; bila zazu zeugan barna: zeu zara zeure zorionean eragin gehien daukana.
5.
Jardin handi bat duten etxeak asko balio duten kotxeak bikote beti irripartsuak Instagrameko poseak… Askatasuna ematen digu topikoak birrintzeak inperfektu sentitzeak ipuinetan bakarrik daude printzesak eta printzeak.