Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

Bertso sorta Geure buruen jabe

  • Bertsolaria(k): Josu Landeta
  • Doinua: Konplize ditut eta
Ipuin klasikoetako pertsonaia emakumezkoak, errebelatzen.
1.
Edurnezuri
Badut neure gogoa,
badut neure ametsa,
jaso dut inbidia
mespretxu ta ezetza.
Ederra da ipotx ta
printzeen babesa
baina ez naiz izango
inoren printzesa.

2.
Txanogorritxo
Inguruko basoan
bada lore ederrik,
baita orroz dabilen
otso motz okerrik.
Nork dio babesteko
ez dudala indarrik?
Nik nahi dudan bidetik
noa neu bakarrik!

3.
Loti Ederra
Ehun urtetako loan
izan naiz, ai ene!
Esnatzen lagundu dit
printze batek xume.
Ez dut izan nahi beti
menpeko ta ume,
lotia izan naiz baina
orain nabil erne.

4.
Sirenatxoa
Uretatik kanpora,
hara zein gozoa
mutil galant horrexen
irudi osoa.
Maite dut, baina ez dut nahi
izan inozoa,
bizitzeko behar dut
neure itsasoa.

5.
Laurak batera
Printze eta printzesen
sasoia pasa da,
denok gara hauskorrak
eta ausartak jada.
Zaindu dezagun elkar
taupadaz taupada,
geure buruak maitez
libre izango gara.