Ofizioka ari garela, edozein gaitan, kantukideok bi aukera ditugu: bata da teman aritzea, eztabaidan. Bertsolari bakoitzak muturreko jarrera bat hartzen du (alde ala kontra; gorri ala urdin) eta bere arrazoiak edo argudioak ematen ditu. Hala, publikoak txanponaren bi aldeak ikusten ditu: egoeraren argi-ilunak, bere konplexutasunean eta bere kontraesanekin.
Beste aukera da bertsolariak elkarrizketan aritzea, kooperatzen. Nahiz eta rol ezberdinak izan, bestearena ulertuz, besteari gertatzen zaionarekiko jakin-minez, eta elkarren kontra ari beharrean elkarren alde eginez.
Bide bat edo bestea hautatu, elkarrizketa oso ezberdina izango da.
Ofizioka aritzeko, hauxe dugu gaia:
Zuek biok ikaskideak zarete. Irakaslearen mahai ondotik pasatu zaretenean, biharko azterketako orria bertan dagoela ohartu zarete.
Hauta dezagun nola ariko garen: teman (eztabaidan) ala elkarrizketan (kooperatzen)? Gure bideari dagozkien bertsoak osatuko ditugu, puntu erdika, 8ko txikian.