Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Gau Beltza!

2023-10-23


Urriaren 31an ospatzen da "Gau Beltza", "Arimen Gaua" edo "Halloween" delakoa. Bertsotan ere beldurrari aurre egiteko prest?

 

EREDUAK - GOZA DEZAGUN... IZU-GARRI!

 

"Arimen Gaua" eta beldurra gaitzat duten bertso sortak, bat-bateko bertsoaldiak eta adinekoen kontakizunak eskura ditugu hemen.

Hamaika gai ekarriko dizkigute gelan partekatzeko:

Zeren beldur gara? "Halloween" delakoa ospatzen al zen, lehen, hemen ere? Heriotza errituetan parte hartu al dugu inoiz?

 

 

JOLAS DEZAGUN - Oinak asmatzen!

 

Lehenik, "Gau Beltza"ri eskainitako sorta abestuko dugu. Baina adi! Ea ondoren bertsoetan oinak zein ziren oroitzeko gai garen, memoria jolasean!

 

 

 

JOLAS DEZAGUN - Asmakizuna!

 

Pantailari pistak eskatzen joango gara, "laguntza eskatu" botoia sakatuz. Horrela, pixkanaka 4 bertso entzuteraino iritsiko gara, aldiro pista berriak jasoz.

Ea asmatzen dugun zein den hitz ezkututa!

 

Egin dezagun bertsotan!

 

Arimen Gaua

Urriaren 31an mozorrotuta etxez etxe ibiltzeko asmorik ba al dugu, goxoki eske?

Kopletan ariko gara, 3 moldetan: puntu-erdika, lehen puntua emanda eta azken puntua emanda.

Arimen Gauean erabiltzeko esamoldeak ere ikasiko ditugu!

 

 

Puenting egin nahi baina... beldurra latza!

Gure bizitzan, zein egoeratan sentitu genuen beldurrik gehien?

Puenting egitea ere izan daiteke horietako egoera bat. Pentsa dezagun zubi ertzean jarri garela, salto egiteko prest, baina, izu-ikara sartu zaigula hezurretaraino. Bertsotan egingo dugu egoera horretatik, umore punttuaz!

 

 

 

BALIABIDE OSAGARRIAK, "GAU BELTZAZ" ETA BELDURRAZ

 

Hik Hasi aldizkariko erreportaia 

"Gau beltza edo Arimen gaua, Halloween-en alternatibak" (2021-10-21) erreportaian, Hik Hasi aldizkariak jai berezi horren inguruko hainbat testu eskaintzen ditu, ikastetxeetan lanketak egiterakoan begia non jarri proposatuz.

 

gaubeltza.eus

Arimen gauaz Euskal Herrian dauden ohiturei buruz gehiago jakin nahi? Gure herrian goxoki-eske irten nahi dugu, eta zer abestu, nola mozorrotu pentsatzen ari gara? Euskaltzaleen Topaguneak osatutako atarian arakatu dezakegu: gaubeltza.eus

 

BERTSOTAN JASO IZAN DIRA HILTZAILEEN TESTIGANTZAK ERE

"Gau Beltzean" hiltzaileei buruzko istorio beldurgarriak kontatzea gustuko dute askok: izuak dar-dar jarriagatik, entzun egin nahi pasarte odoltsuak! Guk ere gustuko al dugu istorio beldurgarriak entzutea?

Prest bagaude, aukera ederra dugu Zuzeu atariak osatu duen Euskal Gaizkileak  serieari esker: kapitulu bakoitzean, Euskal Herrian iraganean gertatu zen krimen bat ezagutzera ematen digute. Irrati-nobela gisako ahozko narrazio hauetan, pertsonaiak eta narratzaileak ariko dira kontalari, soinu efektuz lagunduta. Eta, kapituluaren amaieran, krimen haren ondotik jarri zen bertso sorta ezagutuko dugu. Izan ere, iraganean krimenak burutzen zirenean, ohikoa izaten zen bertso sortak jarri eta gertaeraren berri zabaltzea, herriz herri, ahoz aho.

 

Itzali argiak, itxi begiak eta entzun... Beldurra sentitzeko prest?

 

14 heriotzena (1826) - Historiako bertso sortarik heavyena! 

 

Berdabioko atea - "Goizuetan bada gizon bat, deitzen zaio Trabuko"...

 

Martin Larralde "Bordaxuri" -  "Galerianoaren kantua"

 

Muatzeko desgrazia

 

14 HERIOTZENA

Bertsolaritzaren historian sorta gore-rik bada, hori 14 heriotzena da. Hara perkala:

Hiltzaileak, Joxe Larrañaga Juaristi mendarotarrak (Gipuzkoa), 25 urterekin 14 hilketa zituen eginak. Kartzelan zegoela, 1826an, heriotza zigorraren zain, bertsolari bati eskatu zion enkarguz bertso sorta hau jartzeko, bere ibilera odoltsuaren berri ematen. Bertsolariak 20 bertsotan kontatu zituen, zehaztasun handiz, Joxe Larrañagaren basapiztiakeriak. 

Joxe Larrañaga garrotera kondenatu zuten, eta 14 puska eginda bukatuko zuen, noski... baina misterioak bizirik darrai: nor ote zen bertsoak idatzi zituen bertsolaria? Sinatu gabe utzi baitzuen lana. 

Bertso sorta eta bere inguruko guztia, hemen dugu ikusgai.