Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Emakume bertsolariak iraganean

2020-03-01


Historian emakumeek bertsotan egin izan dute beti: hiletetan, plazan, etxean, soroan, fabrikan, jostundegian... Bidean trabak ere izan dira plazandreentzat: debekuak eta "lotsagabe" izatearen fama txarra. Bertsolaritzaren historian emakume askoren izenak, argazkiak eta bertsoak jaso gabe gelditu dira. Ezagutu ditzagun iritsi zaizkigun testigantzak!

 

XIV. gizaldia, "Andere inprobisatzaileen mendea"

Halaxe izendatu zuen Esteban Garibay (1533-1599) historialariak.

Hortik pentsa liteke emakumeek ahozko tradizioan mendeetan izan zuten pisua.

Andere inprobisatzaileek bizitzako egoera ezberdinetan jarduten zuten:

Hiletariak hildakoen alabantzan aritzen ziren.  Gudu-kantuak eta eresiak egiten zituzten.  Herriz herri eta plazaz plaza aritzen ziren abesten. 

Emakume haiengandik jaso diren bertso gehienak kantu epikoak dira (historiako gertaerak kontatzen dituztenak), edo senide maitatuen heriotza ankerrei eskeinitakoak. Horien artean aipagarriak dira Aramaioko kantua (1443) edo Lasturko Miliaren heriotzari buruzko bertsoak (XV. mende hasiera).   

 

Emakumeei kantatzea debekatu zieten...

1452. urtean Bizkaiko Foru Zaharrak 1000 maravediko zigorra ezartzen zien kantatzera ausartzen ziren hiletariei:

35. titulua. 6. legea. "En qué manera se puede hacer llanto y poner luto por los difuntos... Ordenaron, y establecían por ley, que de aquí adelante cuando quiera que alguno muere en Vizcaya [...] no sea osado de hacer llanto alguno mesándose los cabellos, ni rasgándose la cara, ni descubriendo la cabeza, ni haga llantos cantando, ni tomen luto de marraga, so pena de mil maravedíes a cada uno que lo contrario hiciere por cada vez."

8. titulua. 1. legea. "... y sobre mujeres, que son conocidas por desvergonzadas, y revolvedoras de vecindades, y ponen coplas, y cantares a manera de libelo infamatorio (que el Fuero llama profazadas)."

 

 

Lore Jokoetan 4 emakume lehiatu ziren bat-batean, eta bost bider irabazi zuten

Lore Jokoak XIX. mendeko kultur jardunaldi garrantzitsuak ziren, musika, dantza eta batik bat euskal poesia zituztenak oinarri. Anton Abbadia hasi zen berauek antolatzen, Lapurdin.

Lore Jokoen ibilbidean, gizonekin batera 4 emakume bertsolari lehiatu izan ziren bat-batean, baita bost bider lehen saria eskuratu ere.

Lapurdiko bertsolariak

Maria Luixa Erdozio birritan gailendu zen bat-bateko sariketan: 1869an eta 1875ean.

Marie Hargain ere beste birritan nagusitu zen (1888an eta 1895ean), eta berekin plazatan bat-batean jardun ohi zuen Aña Etxegarai kantukideak (argazkian ageri denak) 1894ean eskuratu zuen lehen saria.  

 

Hondarribiko Joxepa

Idatziz jaso diren testigantzatan aipatzen denez, lehenago ere "Hondarribitar neska batek" abestu izan zuen Lore Jokoetan. Bertsolari honen izenik ez da gorde, baina garaiagatik, Hondarribiko Joxepa izan liteke: Bilintxek Hondarribiko Joxepari desafioa bertso sortan aipatzen zuen bertsolari "famatu" hura. Hara hemen sortako lehen bertsoan Bilintxek nola deskribatzen Hondarribiko Joxepa, bertsolari modura:

"Aspaldian, Joxepa,
famatua zeunden,
gu berriz ikusteko
desiotan geunden;
Hondarrabi aldian
aditzen genduen
dama bertsolari bat
nola bazeguen,
zeiñak Euskalerrian
parerik etzuen".

Bilintxek sortan aditzera ematen duenez, Joxeparekin bertsotan lehiatzea zen bere nahia. Ez dakigu elkarrekin kantatzera iritsi ote ziren. Hondarribiko Joxepaz gelditu den arrasto bakarra, Bilintxen sorta hori da.

 

Familietan bertsolari asko izaten ziren garaiak

Ahozkotasunak indar handia zuen gure aurreko gizaldietan; hitzarekin jolastea, batak esanari besteak zirtoz erantzutea, bertsotan egitea... etxe askotako jolasa zen. 

Hala iradokitzen digu izen handiko bertsolari bat hartu, eta bere familian bertsotan zenbat senidek egiten zuten ikusten dugun aldiro. Senide horien artean, emakumeak ere bai asko.

Xenpelartarrak

Xenpelar sendian, esaterako, Juan Frantzisko Petriarena da bertsolarietan ezagunena (argazkian ageri dena), baina sendian bertsolariak ziren, baita ere: Maria Luisa Petriarena, Joxepa Antoni Aranberri (argazkian ageri dena), Juana Joxepa Bengoetxea "Andre Haundia", Juan Antonio Bengoetxea "Anttoniyo"...  

 

Elizegitarrak

Pello Errota (1840-1919, argazkian ageri dena) bertsolariaren etxean ere halatsu: bertsotan egiten zuten Pelloren anaia Joan Kruzek eta arreba Sabinak; baita Pelloren seme-alabek ere: Mikaela (argazkian ageri dena)Joxepa Iñaxi eta Miel Antonek. Pelloren iloba Lukasia eta "Ondartza" ere bertsolariak ziren.

 

Errotan ogia bezain ohikoa izango zuten bertsoa... Pentsa, Mikaela eta Joxepa Iñaxi ahizpek, elkarri gutunak bertsotan bidali zizkioten! Goza dezagun bi ahizpen bertso gutunekin!

Joxepa Iñaxik 20 urte inguru zituela, Argentinara joan zen bizimodu hobearen bila, bere neska kuadrilarekin. Mikaelari gutuna bidali zion etxera, bera ere Argentinara etortzeko tentatuz, bertsotan. Eta Mikaelak bertsotan bidali errespuesta, hurrengo gutunean.

 

 

 

Otañotarrak

Otañotarrek ere etxean hizketan haina egingo zuten bertsotan, lau belaunalditan zeuden-eta bertsolariak. Zaharrenetik hasita: "Errekalde Zaharra", "Baria"Pello Mari Otaño (argazkian ageri dena), Joxe Bernardo Otaño eta Plazida Otaño (argazkian ageri dena).

 

Hara Joxe Bernardo eta Plazida aita-alabek, etxeko sukaldean zer elkarrizketa izan zuten, bertsotan, elkarri adarra joz!

Plazidak, 18 urterekin, ezkontzeko asmoa zuela-eta aita tentatu zuen, "dotea" presta zezala: ezkonberriari gurasoek ematen zioten ondasuna biltzen hasteko, alegia. Hara bien arteko hika-mika polita...

 

 

 

 

 

Garaiko gizon bertsolari ospetsuei errespuestan!

Bilintxek eta Hondarribiko Joxepak elkarrekin bertsotan egin ote zuten ez dakigu. Baina bi emakume bertsolarik Txirritarekin kantatu izan zutela bai: Martxelina Lopetegik eta Plazida Otañok. Ikustekoak izango ziren elkarri neurria hartzen, umorez eman eta dale!

Txirrita eta Martxelina Lopetegi

Txirritarekin behin baino gehiagotan bertsotan jarduna zen oiartzungo Martxelina Lopetegi. Hara Txirritak berekin maite-kontutan hasteko nola tentatuko duen, eta Martxelinaren erantzuna. 

Txirrita                                          

Aitu bear dituzu                              
nere abisuak,                                   
abek izango dira                             
gauza prezisuak:                            
jakiñaren gañian                               
jarri gurasuak,                                
besteala ez du baliyo                       
nere desiuak.                                  

 

Martxelina Lopetegi 

Ama eta aitarekin
izaten naiz ondo, 
ointzat eskusarikan
batere ez dago; 
jakiñaren gañian  
dirade lenago,
libertadia artuta
aspaldian nago.

Txirrita soilik ez zen izan Martxelina xaxatu zuena ezkontzeko: Amerikano aberatsa ere etorri zaio esposatzeko esanaz... hara bien arteko elkarrizketa!

 

 

 

Martxelina bera ere ez zen izango beti bestek eskeini zain gelditzen zena: bazekien gustuko mutilak zirikatzen ere! Hara Inazio Mitxelena "Artxabaleta"ri bota ziona, diotenez, Oiartzungo plazan...

 

Martxelinak, "Artxabaleta"ri

Artxabaleta, mutil polita,
gustatzen zitzaidan gaztetan; 
onta ezkero igualtsu da
esan eta're plazetan;
nai dezunian juan zaitia,
antxen bizi naiz *Galtzatan (*Oiartzungo Galtzarreta baserria).

 

43 urterekin ezkondu zen Martxelina, Galtzarreta baserritik Zabale baserrira. Harez geroztik, bere bertso jardunaren berririk ez zen gehiago izan. Txirritak lehendik botea zion maldizioa bete egin zen, bai...

Txirritak, Martxelinari

Martzelinatxo deitzen diote,
Galtzaretako alaba,
zere denboran egiña zera
zeinbait kanta ta algara,
kantak aztuta bizi biazu
nekin ezkontzen bazera.

 

Txirrita eta Plazida Otaño 

Plazida Otañok ere eman zion erantzun galantik Txirritari! 

 

Behin etxe aurreko belazean pagotxa ebakitzen ari zen Plazida, eta Txirritak hala bota dio:

Txirrita                                                 

Gauz bat esango dizut                           

modu ondraduan,                                  

noski ez naiz hasiko                               

hemen endreduan.                                  

Nonbait egongo zara                              

aldarte beruan,                                      

gaur horla zabiltzanean                           

udako beruan,                                        

ez da atsegin izango                               

zure inguruan.                                       

 

 

Plazida Otaño

Arrazoi horrek badu

bere parezera,

konprenituko dezu

mutila bazera. 

Udarako beroaz

kexatzen al zera?

Lana hortan badezu

egiten atzera,

fraide sartu zintezke

komentu batera. 

 

Uztapide eta Mikaela Elizegi 

Ederra da Mikaela ElizegiUztapide-ri botatako bertsoa ere.

Uztapide Mikaelaren etxean izan da, eta bazkalondoan bertsoa bota dio, "amona, zer moduzko biziya?" galdetuaz. Eta hara Mikaelaren erantzuna.

 

Pobriak jayo eta

pobriak biziyak,

inork eztit ukatzen,

eman nai guziyak,

nunbait izango ditut

danak mereziyak,

zor artzekotan kito,

Jaunari graziyak.

 

Etxean soilik ez: jendaurrean ere kantatu zuten

 

Herriz herri eta plazaz plaza kantuan aritzen ziren Profazadoreei Bizkaiko Foruak jarduna debekatu zien arren, gerora emakume bertsolariek ez zuten etxean soilik abestu. Baina egia da plazandre izatea ez zela xamurra izango, lehen ere.

Bertsotan sagardotegian, ostatuan egiten zen askotan, eta han emakumeak dibertitzea gaizki ikusia zegoen.

Plazan hitza hartzen zuten andreei ere "lotsagabe" fama jarriko zitzaien, "bazter-nahasle"; Bizkaiko Foruek idatzita argi utzi zuten bezala, "conocidas por desvergonzadas, y revolvedoras de vecindades".

Emakumeek espazio publikoan bertsolari modura agertzeko aukera gutxi zituzten, beraz. Baina behin baino gehiagotan hartu zuten leku hori: esanahi handikoak dira, beraz, jarraian datozen testigantzak.

 

Marie Hargain eta Aña Etxegarai, plazaz plaza  

Lapurdiko bi bertsolari hauek, Lore Jokoetan hirutan garaile izateaz gain, plazaz plaza kantukide ziren, 1880-1910 bitartean. Arrakasta handia izan zuten eta leku askotatik deitzen zituzten kanturako. Bi bertsolariak elkarrizketatu egin zituen Marie Abbadiak 1890ean, eta plazan jendaurrean bertsotan egiteko nola janzten ziren galdetuta, apaiza aipatzen zuten bi bertsolariek ere: apaiza ikusleen artean egoten zen, eta emakume bertsolariak argi ibiltzen ziren esaten zutenarekin eta baita janzkerarekin ere, emakume "desegoki" bezala markatuak ez izateko. Bat-batean aritzeaz gain, bertso jartzaileak ere baziren.

 

Maria Luisa Petriarena eta Joxepa Anttoni Aranberri Xenpelartarrak, fabrikan bertsotan

Maria Luisa eta Joxepa Anttoni ama-alabak ziren, baina ez zuten elkarrekin bertsotan egiteko aukerarik izan bizitzan.

Izan ere, Joxepa Anttonik 4 urte zituela hil zen ama, Maria Luisa, baztangaz kutsatuta.

1869an baztanga zabaldu zen Errenterian eta Juan Frantzisko Xenpelar bertsolari ezaguna ere arrapatu zuen izurriak. Arreba Maria Luisa bertsolaria, bere lau urteko alabatxo Joxepa Anttoni etxean utzi eta anaia zaintzera joan zen, bere bizia eta sabelean zeraman alabatxoarena arrisku gorrian jarrita. Juan Frantzisko Xenpelar 1869ko abenduaren 8an hil zen, 35 urte bete gabe, eta egun berean jaio zen Daniela, Maria Luisaren alabatxoa. Egun gutxi egin zituzten bizirik ama-alabek: Daniela abenduaren 17an hil zen, eta Maria Luisa 18an; biak baztangaz. 

Maria Luisa eta Juan Frantzisko Xenpelar neba-arrebek Errenteriako liho fabrikan egiten zuten lan, eta bertsotan aritzen ziren elkarrekin bertan, jendaurrean. Idatziz jasota dagoenez, behin nagusiak Andoainera bidali omen zituen eginkizun batera; han elkarri bertso botatzen jardun omen ziren, "bertako jendea entzuten zoratzen zeukatela".

Joxepa Anttoni alaba ere, 12 urterekin hasi zen lanean fabrika berean, eta bertan jardun zuen urtetan, itsutu zen arte. Bertsotan aritzen zen bera ere fabrikan, Fanderian, lankideen aurrean. Norekin jardun ez, eta berak kantatzen zuen lankide ezberdinen larrutik, aldiro baten izenean zirikatu eta bestearen paperetik erantzun!  

 

Hauek dira bere fabrikako jardunetik jaso diren aleak:

Joxepa Anttonik, bere ahotik             

Terraza onetara                                     
naizenian iyo,                                       
bertsua botatzeko                                 
Manuelak diyo;                                     
Fanderitarrarentzat                               
nik ez det baliyo,                                  
nere tokira nua                                    
seriyo-seriyo.                                       

Manuelaren paperetik erantzun

Fanderitarra naiz ni, 
ez dizut ukatzen,
bañan korta xamarra 
bertsuak kantatzen;
damutu zait asiya
Xenpelar tentatzen,
ara emen Añabitarte
ta oni bat botatzen.


Joxepa Anttonik, Añabitarteri            

(...)                                                    
naio nuke nik orren                               
boltxa baneukake                                 

 

Añabitarteren izenean erantzun


(...)         

Añabitartek diyo 
ez duela boltxik,
eta ez emateko
orrelako lotsik

                                                           

Joxepa Iñaxi Elizegi, sagardotegian 

Joxepa Iñaxi Asteasuko Goikoerrotan sortu zen: Pello Errotaren alaba, Mikaelaren ahizpa, bertsolaria bera ere.

Etxean (errotan) sagardorik ez zuten egiten, eta sagardotegira sartzen zen Joxepa Iñaxi, etxerako bila. Sagardotegian kantatu zituen bi bertso idatziz jasota gelditu dira. Hara hemen!

Behin "toreatzen" hasi ziren Joxepa Iñaxi, hasteko bertsotan alegia, eta horrela bota zien:

 

Gogorikan ez daukat,

lotsa bestetikan,

horra emakumea

naizen partetikan;

toriatzen banazue

aldamenetikan,

ederrak aditzeko

zaute nigandikan.

 

Beste batean sagardotegian sartu eta bi gizon bertsotan ari omen ziren, Pello Errotari buruz-edo. Eta Joxepa Iñaxik halaxe kantatu omen zien:

 

Bertsotan ari dira

bi galtza-jario,

bat da astiarra ta

bestia Antonio,

jendia emen dago

hoik diala merio,

aita guriarentzat

ez dute balio.

 

Senar-emazteak xextran jendaurrean, bertso paperak saltzen

Garai batean ezintasunen bat zuten pertsonek, bizibidea nolabait atera behar eta, bertso paperak saltzen zituzten kalean. 

Asteasun, esaterako, bazen familia bat, senide asko itsuak zituena. Andre-gizonak aritzen ziren bertso paperak saltzen, eta, jendea erostera erakartzeko, elkarri galantak esanez aritzen ziren bertsotan. Altzoko Imaz bertsolariak jartzen zizkien, propio, bertso sortak, jende aurrean antzeztu zezaten senar-emazteen arteko xextra. Entzutekoak dira!

Behin, itsu horietako baten andreak, adar-jotzeko bertsoekin benetan haserratu eta, saltzeko zuten bertso-paper mordoa hartu eta ibaira bota omen zuen, Alegiko zubitik behera.

*Informazioa: Alzo'ko Imaz bertsolaria (Antonio Zavala, Auspoa)  

 

Baina historiako orrietan emakume bertsolariez ezer gutxi jaso da

 

Horren adierazgarri da Mikaela Elizegiren (Asteasu, 1869) kasua ere: 

Pello Errotaren bertso eta pasadizo asko ezagun egin dira, bere alaba Mikaelak kontatu zituelako. Mikaelak esan eta Antonio Zavalak paperean idatzi, halaxe atera zuten liburu ezaguna: "Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua" (Auspoa). Lan horretan hasi zirenean, Mikaelak 93 urte zituen! 

Eta liburu horri esker gogoratzen dugu gaur Pello Errota: alabak sartu zuen, beraz, Pello Errota historiaren orrietara letra handitan.

"Mikaela ere bertsolaria izana zan bere denboran" zehaztu zuen Antonio Zavalak liburuan. Baina aldiz, Mikaelaren oso bertso gutxi jaso ziren idatziz.

Horri buruz zer esango lukete gaur Mikaela Elizegik eta Pello Errotak, elkarrizketan hasiko balira?

Ikus dezagun bertsoaldi eder honetan! Maialen Lujanbio izango da Mikaela, eta Haritz Mujika, berriz, Pello Errota. (Larraul, 2018-08-05). 

 

Egoera berari buruz galdetuta, Eneko Lazkozek eta Beñat Lizasok euren ikuspegia eman zuten beste saio borobil honetan (Asteasu, 2018-10-20. Pello Errota Sariketaren lehen edizioa).