Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Animaliak

2022-02-25


Gizakiak ez, gainerako piztiez ariko gara. Ofizioka jardungo dugu bertsotan, aldiro pertsonaia baten larrutik. Neurri ezberdinak probatuko ditugu gainera: 8ko txikian eta handian ariko gara, atzekoz aurrerako teknikarekin.

Lau hankan edo arrastan;
hegalez, zeruan edo urpean.
Lumaz, ezkataz, ilez edo azal biluzik.
Arrautzatik edo sabeletik.
Urak edo aireak ito.
Jaio, hazi, mugitu, jan, ugaldu eta hil…
elkarrekin eta bakarrik, animaliok.


Zertan trebatuko gara…


Ofizioka ariko gara, 8ko txikian eta handian;
azken puntua eta oinak hartuta, atzekoz aurrerako teknikarekin jardungo dugu bertsotan.


Plazara!


Eskolako txikienei azaltzeko, animaliei buruzko horma-irudia osa genezake.
Ikusi-makusi jolasa ere pozik egin dezakete gure eskutik!
Ofizioka sortzen ditugun bertsoaldiekin esketxak ere egin genitzake.

 

EREDUAK - GOZA DEZAGUN ANIMALIEI BURUZKO BERTSOEKIN!

Animaliei buruzko bertso zaharrak, sorta berriak eta bat-bateko bertsoaldiak ditugu aukeran ikusgai. Goza dezagun!

 

 

 

JOLAS DEZAGUN!

Neurri txikian eta neurri handian ariko gara bertsotan. Arreta jarri beharko diegu, beraz, hankaluze eta hankamotzei! Ea identifikatzeko gai garen akats bakoitza... Etxeko animaliei eskainitako jolas hau dugu horretarako aproposena!

 

 

 

PUNTU ERDIKA - KOPLAK ZURI, "TXURI!"

Has gaitezen kantuan, pixkanaka. Puntu erdika ariko gara kopla txikiak osatzen.

Pozik gaude, txakurra ekarri dugu-eta etxera!

 

 

KOPLARI, OIN BIKOTEEKIN - "A ZE PAREA, KARAKOLA ETA BAREA"

Animalia bakoitzari kopla bana eskainiko diogu, oin bikoteak hartuta.

*Dinamika hau egiteko gelan karta jolasak ere erabili genitzake.

 

 

KOPLARI, ATZEKOZ AURRERA - ANIMALIAK

Jarrai dezagun animalia bakoitzari kopla bana eskaintzen. Baina, oraingoan, atzekoz aurrerako teknikaz osatuko ditugu koplak. Horretarako, azken puntua eta oina emango zaigu. Gure lana, lehen puntua asmatzea izango da.

 

ATZEKOZ AURRERA 8KO TXIKIAN - URPEKO ONTZIAN BIDAIA

Atzekoz aurrerako teknikaz jarraituko dugu, baina pasa gaitezen kopla txikitik zortziko txikira. Lau puntu edo lau esaldi errimatu osatu beharko ditugu! Azken puntua eta 3 oinak emango zaizkigu, laguntza gisa.

Hauxe da bertsotarako gaia: urpeko ontzian bidaia egitera gonbidatu gaituzte.

*Dinamika hau egiteko gelan karta jolasak ere erabili genitzake.

 

 

OFIZIOKA 8KO TXIKIAN - KATUA ETA ZAKURRA

Zortziko txikian jarraituko dugu bertsoak atzekoz aurrerako teknikaz osatzen. Baina, oraingoan, ofizioka ariko gara: pertsonaia baten larrutik abestea egokituko zaigu.

Hauxe da gaia: nagusi beraren zakurra eta katua zarete. Biok elkarren ondoan bizi zarete, baina elkar ezin ikusi beti. Nagusiak etxetik alde egin du eta hasi zarete xextran...

 

 

 

OFIZIOKA 8KO HANDIAN - BASOAN GALDUTA

Eta iritsi zaigu neurri handian jarduteko txanda!

Esaldiak luzatzeko estrategiak gogora ekarri nahi baditugu, hementxe ditugu eskura.

Ofizioka aritzeko hauxe da gaia: elkarrekin basora joan eta gaduta zaudete. Gaua iritsi da: bat beldurrak airean dabil eta bestea, berriz, lasai.

*Dinamika hau egiteko gelan karta jolasak ere erabili genitzake.

 

AZKEN JOLASA - IKUSI MAKUSI!

Oihanean animaliak aurkitzea izango da gure jolasa... baietz ikusi!

Aldiro puntua jarriko digute, pista bat emanez. Irudiko zein animalia den asmatu beharko dugu, irudian klikatuz.