Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea
Bertso Ikasgela logoa

100 urte Pello Errota hil zela

2019-02-05


Otsailaren 3an bete da mendeurrena. Ezagutu dezagun Pello Errota, eta bere berri idatziz jaso zedin arduratu zen alaba Mikaela bertsolaria!

 

ASTEASUKO ERROTARI TXIKIA

Asteasuko Goikoerrotan jaio zen Pedro Jose Elizegi, Pello Errota (1840-1919). 
Bertsolari familia dira Goikoerrotakoak. Bertsotan egiten zuten Pelloren anaia Joan Kruzek eta arreba Sabinak; baita Pelloren seme-alabek ere: MikaelaJoxepa-Iñaxi eta Miel Antonek. Pelloren iloba Lukasia eta "Ondartza" ere bertsolariak ziren.
Bere denboran Asteasun apustu giroa zen nagusi (idi probak, sega...). Eta miseria; txanpon askorik gabe bizitza aurrera ateratzeko garaiak. Larre motzean bizi bazen ere, soberan ogi-apur askorik gabea, borondate handikoa omen zen behartzen zenarekin.
Bizibidez errotaria izanagatik, bertsoa lanbide osagarri gisa erabili zuen lehen bertsolarietakoa izan zen.
Dei asko izaten zuen: herriz herri, festaz festa, txapelketa, desafioak... Hain ospetsua egin zen ze, 1895. urtean joan-etorri osoa ordainduta Argentinara eraman zuten hango euskaldunei kantatzera: hortik pentsa Pello Errota entzuteko zenbat ordaintzeko egon ziren prest, itsasoz bestaldeko euskaldunak.

Gizon txikia, bizkor eta bizia, dena ziria eta eztena.

 

  

PELLOREN ASTOAK

Adar jotzen ez zen atzera geldituko Pello. Hara hemen behin, astoarekin zihoala, norabitek adarjoka botatako bertsoa eta Pelloren erantzuna.

 

 

 

ARI NAIZELA ARI NAIZELA

Txirritarekin beti eman eta dale, baina estimu handia omen zioten elkarri.

Euren arteko bertsoaldi ezagunena, Ari naizela ari naizela... Ba al gara buruz kantatzeko gai? 

 

 

ZIRTOA KOMIKI EGINA

Pelloren garaian ohikoa zen esaldi errimatuekin erantzutea elkarri, adar-joka. Zirtoka aritzea, alegia. Pellori hitzik esan ezkero, erantzuna espero behar bueltan... Hara Pellok Arroma astoarekin zihoala mutiko batekin izandago zirto-saioa, komikitan!

MIKAELA ELIZEGIRI ESKER!

Pello Errotaren bertso eta pasadizo asko ezagun egin dira, bere alaba Mikaelak kontatu zituelako. Mikaelak esan eta Antonio Zavalak paperean idatzi, halaxe atera zuten liburu ezaguna: "Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua" (Auspoa).

Lan horretan hasi zirenean, Mikaelak 93 urte zituen! 

Eta liburu horri esker gogoratzen dugu gaur Pello Errota: alabak sartu zuen, beraz, Pello Errota historiaren orrietara letra handitan.

"Mikaela ere bertsolaria izana zan bere denboran" zehaztu zuen Antonio Zavalak liburuan. Baina aldiz, Mikaelaren oso bertso gutxi jaso ziren idatziz.

Horri buruz zer esango lukete gaur Mikaela Elizegik eta Pello Errotak, elkarrizketan hasiko balira? Ikus dezagun bertsoaldi eder honetan! Maialen Lujanbio izango da Mikaela, eta Haritz Mujika, berriz, Pello Errota. (Larraul, 2018-08-05). 

 

 

Egoera berari buruz galdetuta, Eneko Lazkozek eta Beñat Lizasok euren ikuspegia eman zuten beste saio borobil honetan (Asteasu, 2018-10-20. Pello Errota Sariketaren lehen edizioa).

 

 

Mikaela Elizegik Uztapideri botatako bertsoa

Mikaelarengandik jaso diren bertso bakanen artean dago hauxe. Uztapide bertsolaria Mikaelaren etxean izan da, eta bazkalondoan bertsoa bota dio, "amona, zer moduzko biziya" galdetuaz. Eta hara Mikaelaren erantzuna.

 

Pobriak jayo eta

pobriak biziyak,

inork eztit ukatzen,

eman nai guziyak,

nunbait izango ditut

danak mereziyak,

zor artzekotan kito,

Jaunari graziyak.

 

JOXEPA-IÑAXI ELIZEGI. SAGARDOTEGIAN ERE KANTATU IZAN ZUENA

Joxepa-Iñaxi ere Goikoerrotan sortu zen: Pello Errotaren alaba, Mikaelaren ahizpa, bertsolaria bera ere.

Etxean (errotan) sagardorik ez zuten egiten, eta sagardotegira sartzen zen Joxepa-Iñaxi, etxerako bila. Sagardotegian kantatu zituen bi bertso idatziz jasota gelditu dira. Hara hemen!

Behin "toreatzen" hasi ziren Joxepa-Iñaxi, hasteko bertsotan alegia, eta horrela bota zien:

 

Gogorikan ez daukat,

lotsa bestetikan,

horra emakumea

naizen partetikan;

toriatzen banazue

aldamenetikan,

ederrak aditzeko

zaute nigandikan.

 

Beste batean sagardotegian sartu eta bi gizon bertsotan ari omen ziren, Pello Errotari buruz-edo. Eta Joxepa-Iñaxik halaxe kantatu omen zien:

 

Bertsotan ari dira

bi galtza-jario,

bat ……………

bestia Antonio,

jendia emen dago

hoik diala merio,

aita guriarentzat

ez dute balio.

 

Ahizpen artean gutunak bertsotan! 

Joxepa-Iñaxik 20 urte inguru zituela, Argentinara joan zen bizimodu hobearen bila, bere neska kuadrilarekin. Mikaelari gutuna bidali zion etxera, bera ere Argentinara etortzeko tentatuz, bertsotan. Eta Mikaelak bertsotan bidali errespuesta, hurrengo gutunean.

 

Joxepa-Iñaxi

Nere ahizpa Mikela

nik abixaturik,

ez duela etorri nahi

bidean bakarrik,

ez det nahi eukitzea

etxean negarrik,

hor gelditzen bazera

zeretzat alferrik.

 

Mikaela

Ahizpa, bidaltzen dizut

horren errespuesta,

oraindik ni juatea

segurua ezta,

horrenbeste enpeñoz

gelditzea gaitz-ta,

akaso joango naiz

mudakorra naiz-ta.

 

Joxepa-Iñaxiren berri gehiago jakiteko, Estitxu Eizagirrek Argian idatzitako artikulua hemen

 

SABINA ELIZEGI. ERANTZUTEN ENBOR BEREKO EZPALA

Sabina Elizegiren anaia zen Pello Errota. Sabina Oiartzunen bizi izan zen, Katalintxo baserrian.

Dena bertsotan erantzuten omen zuen. Ezagutu zutenek zioten gizona izan balitz bertsolaria izango zela.

Sabinaren bertsorik ez zen gorde; argazkirik ere ez dugu. Ateraldiak soilik jaso dira. 

Ateraldia (1) - ELIZARA BIDEAN

84 urteak beteta mezara bidean zihoala, bizikleta batek abiadan jo eta lurrera bota zuen.
Sabina lurrean aieneka, esku-muturra hautsita, eta bizikletakoak ihes!
Bidean zetorren batek galdetu zion:
- Zer egin zaituzte, Sabina?
- Zer egin nauten? Por dios! Jo ta bota, ta adios!
Eskumuturra hautsia izanagatik, mezara joan zen.

Ateraldia (2) - ERANTZUNA BETI PRONTO

Azala laztua beharko zuen garai hartan.
Mutil gazteek bazekiten dena bertsotan erantzuten zuela eta, xaxatzeagatik, honela esaten zioten:
-Aio atsua!
-Ni ez nauk atsua, demonio faltsua!

Sabinaren zirtoa komikiz adierazia

 

 

 

 

"PELLO ERROTA 100 URTE" EKIMENA

Mendea betetzen da Pello Errota hil zela, eta Asteasuko udala bere herriko bertsolari handia omentzeko ekimenak antolatzen ari da bi urteotan: Bernardo Atxagaren hitzaldia, bertsolari gazteen sariketa, Pello Errotaren bertsoekin egindako kantu emanaldia, bertsolariekin ibilbideak Asteasuko leku esanguratsutan barrena, herriko eskolak (Pello Errota izena daramanak) prestatu duen unitate didaktikoa... Aukera ederra dugu Pello Errota eta bere sendiko bertsolariak ezagutzeko!

 

HAURREI ZUZENDUTAKO HARRIBITXIA

Pello Errotaren bizitza eta bertsoak haurrok gozatu ditzagun, kontalari aparta da Pello Esnal. Liburu hau irakurtzeak merezi du benetan!

Argitaletxea: Sendoa (1998).