Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Zelebre gabiltza

2022-02-25


Izaten dira pasadizo edo gertaera xelebreak bizitzan. Baita erorketa tontoak ere. Denbora pasatu arren grazia egiten digutenak gogoratze hutsez. Eta kontatzearen poderioz gertakari ezagun egiten direnak. Nork hasi nahi du umorezko pasadizo bat kontatzen?

 

SARRERA - Zer egingo dugu?

Kopletan ariko gara. Lehenik, puntuari erantzuten. Gero, gaiari buruzko oin bikoteak emanda.
Azkenik, heldulekurik gabe koplak osatzeko aukera izango dugu.

 

... eta zer ikasiko dugu?

Oinak geuk bilatzeko pausoa emango dugu. Horretarako, errima familiak zer diren eta nola baliatu ikasiko dugu. 

 

Plazara!

Umorezko saioa egin genezake beste gelen edo gurasoen aurrean: pasadizoak kontatuz zein esketx bidez antzeztuz eta guk sortutako koplak eta bertso xelebreak abestuz. 

Bertso horiek dibertigarriak izan daitezke eskolako webgunean edo aldizkarian zabaltzeko ere.

 

 

EREDUAK - GOZA DEZAGUN PASADIZOEKIN!

 

Pasadizo eta gertaera xelebreak entzungo ditugu. Gauza handia da umorea!

Hitz lauzko kontaketak, bertso sortak eta bat-bateko bertsoaldiak ditugu aukeran.

Jar gaitezen umorez!

 

 

 

GU KONTALARI!

 

Eta zer pasadizo ezagutzen ditugu guk? Zein bitxikeria gertatu izan zaizkigu guri edo ingurukoei?

Has dezagun pasadizo kontaketa, gelan.

 

GU PUNTULARI - BERTSO XELEBREAK SORTZEN

 

Bertso xelebre eta aldrebesak sortzea izango da gure erronka: ez hanka eta ez buru ariko gara, artaburu.

Gogor saiatu beharko dugu, ez da-eta erraza aldrebesa izaten!

"Errima kartak" erabiliko ditugu horretarako. Karta bana hartuko dugu, baina besteek zein karta duten ikusi gabe. Kartan egokitu zaigun oinarekin puntu bat sortuko dugu. Gero, errima bereko kartak ditugunok elkarren alboan jarriz (launaka), bakoitzak gure puntua abestuko dugu, lauron artean bertsoa osatzen dugula (8ko txikian). Ziurrenik, loturarik ez dute izango lau puntuek… eta hala hobe!

 

 

 

GU PUNTULARI - BANU, BALEGO ETA BALITZ...

 

Oraingoan puntuari xuxen erantzuten saiatuko gara, ez aldrebes eta baldar.

Kanturako gaia egoera bitxiak, xelebreak, ezohikoak izango dira eta kopletan ariko gara. Puntua jarriko zaigu, aldiro egoera kurioso bat azalduz, eta guk egoera horretan zer egingo genukeen erantzungo dugu, beste puntu batekin. Horretarako oina ere emango zaigu.

Dinamika hau gelan egiteko karta jolasak ere erabili genitzake.

   

 

AZALPENA - OIN BILA GABILTZANEAN... ERRIMA FAMILIAK!

 

Orain arte oinak eman egin dizkigute guri, laguntza gisa, guk puntua edo kopla osa genezan.

Baina orain, gu saiatuko gara oinak ekartzen.

Errimatzen duten hitzak bilatu ezinik gabiltzanean, lagungarriak dira errima familiak.

Ikus dezagun zer diren errima familiak eta nola erabili genitzaken!

 

 

GU KOPLARI - ISTRIPU TONTOAK

 

Erorketa inozoei koplak jarriko dizkiegu, umorez.

Horretarako, lehenik, pare-parera datozen oin bikoteak osatuko ditugu.

Gogoan hartu ikasi berri duguna! Errimatzen duen hitza topatu ezinik bagabiltza, aukerak zabaldu ditzakegu errima familiak erabiliz.

 

 

 

GU KOPLARI - KONTATUKO AL DITUGU GURE PASADIZOAK KOPLETAN?

 

Gelan elkarri pasadizoak kontatzen arituak gara. Gustukoenak hartu eta kopletan kontatuko al ditugu? Gezurrezkoak inbentatzea ere libre da...

Horretarako, gertaera azaltzeko pare-parera datozen oin bikoteak osatu genitzake lehenik; zein dira egoera xelebre horretako hitz gakoak?

Behin oin bikoteak zerrendatuta, errazagoa egingo zaigu kopla sortzea... Has gaitezen!

 

AZKEN JOLASA - ERRIMEN SUDOKUA

 

Gure bidea jolasten amaitzeko, "Errimen sudokua" honatx.

Errima familiak zer diren ikasi dugunez, ea lortzen dugun buruhauste hau askatzea! Gelaxka bakoitzean errimatzen duen hitz bat, gutxienez, jarri beharko dugu eta taula osatu.

Adi! Zutabe bakoitzean gai bati buruzko oinak topatzea eskatzen zaigu-eta!

Gogora dezagun, oinak errazago topatzeko, errima zabaldu egin dezakegula errima familien bidez.