Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Urko Egañak “Geure mitologia” liburua, kantua eta bideoa aurkeztu ditu

2022-04-25


Urko Egañak Leire Derteanoren ilustrazioekin eta “Potx eta Lotx” pailazoekin elkarlanean, euskal mitologiako pertsonaiak haur txikiei ezagutzera emateko materiala argitaratu du, oinarrian kopla sorta bat duena. Bertsoikasgela atarian ere eskura dugu!

Liburua, kantua eta bideoa

Goizian goiz jeikirik doinuaz ondutako 12 koplen bidez, 10 pertsonaia mitologiko aurkezten zaizkigu. Kopla sorta liburu formatuan argitaratu da; liburuan datozen QRak baliatuz, sareko plataforman kantua audioz entzun genezake eta baita bideoz ikusi ere, zeinu hizkuntzan ere jarraitzeko aukeraz (Arantza Martinen eskutik). Liburua eskuragarri dago www.potxetalotx.eus atarian, Elkar dendetan eta Euskal Herriko beste zenbait liburu dendetan, 15€tan.

Aurkezpena Ataungo Jentil Baratza Kultur Elkarteaz

Proiektua apirilaren 6an aurkeztu dute, Ataungo Herri Antzokian egindako prentsaurreko berezian; bertan, Ataungo Jentil Baratza Kultur Elkarteko kideekin batera, Urko Egaña bertsolariak, Leire Derteano ilustratzaileak eta Josu Zubia eta Itziar Arkauz “Potx eta Lotx” pailazoek emanaldi berezia eskaini dute, egindako lana ospatzeko.

Materiala eskura dugu Bertsoikasgela.eus atarian ere!

Bertsozale Elkartea ere proiektuaren laguntzaileetako bat da eta Bertsoikasgela.eus atarian material hau ikus-entzuteko aukera dugu, hementxe.