2023-12-17
Abenduaren 16an Bizkaiko 8 bertsolari hauek jardun zuten lehian, Bilboko Miribilla-Bilbao Arenan: Onintza Enbeita (muxikarra eta 2018an Bizkaiko txapelduna), Aissa Intxausti (Lekeitio), Xabat Galletebeitia (Lekeitio), Aitor Etxebarriazarraga (Gernika-Lumo), Gorka Pagonabarraga (Durango), Nerea Ibarzabal (markinarra eta aurreko edizioko Bizkaiko txapelduna), Jone Uria (Getxo) eta Oihana Bartra (Bilbo).
Oholtza aurrean 4.500 ikusle eta etxetik telebistaz zein internetez beste milaka... Ikusi al genuen saioa? Zer gustatu zitzaigun gehien?
Saioaren lehen zatia amaituta, puntuazioz aurretik zioazen biak buruz-buru lehiatu ziren: Jone Uria eta Nerea Ibarzabal. Eta epaia etorri zen: Nerea Ibarzabal txapeldun eta 7,5 puntura, Jone Uria!
Nereak bigarren txapela du Bizkaian. Eta bere bi aldietan, Jonerekin lehiatu da buruz buru.
Finaleko bertsoaldi guztiak ikusgai ditugu www.bertsoa.eus atarian... Goza dezagun!
Hara ze gai jarri zieten Xabat eta Onintzari, 8ko txikian:
Kuadrillako lagunak dira. Onintzak urtero loteria boleto bi erosi izan ditu, erdi-bana hartzeko elkarrekin. Aurten Onintza dezimoekin etorri zenean, Xabatek esan zion ez zuela hartu nahi, dirua estatuari joaten zaiolako. Zer eta... loteria tokatu egin zaio Onintzari!
Zer egingo genuke guk egoera horretan?
Ikus dezagun bi bertsolarien saio umoretsua!
Bakarka hara ze 3 bertso eder bota zituen Xabatek, ondoko gaiaz:
"Nerabea zara. Zure zaletasunengatik 'frikia' zarela esan izan dizute ikaskideek. Gero eta gutxiago inporta zaizu besteek diotena".
Nereari gai hau eman zion gai-jartzaileak: orain arte zure kuadrillan gustura egon zara baina, azken aldian, sentitzen duzu azalpenak eskatzen dizkizutela, eman beharrik ez dauden gauzei buruz.