Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Julio Soto Nafarroako txapeldun seigarrenez

2023-12-04


Iruñean jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa finala, abenduaren 2an. Julio Sotok eskuratu du txapela, Eneko Lazkozekin buruz buru lehiatuta. Saio bikaina eskaini dute 8 bertsolariek!

 

 

ZORTZI ARTISTA

Finalean Nafarroako 8 bertsolari handi entzuteko aukera izan genuen: Saioa Alkaiza txapelduna (bertsolaritza irakaslea da Nafarroan), Joanes Illarregi Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista, Xabat Illarregi anaia gaztea (hirugarren postua eskuratu zuen! Bertsolaritza irakaslea da Gipuzkoan), Josu Sanjurjo (bertsolaritza irakaslea da Nafarroan), finalera lehen aldiz iritsi ziren Saats Karasatorre eta Sarai Robles, Eneko Lazkoz eta Julio Soto.

Zortzi bertsolariek utzi zituzten ale ederrak Anaitasunan, 2.350 ikusleren aurrean.

Saioaren lehen zatia amaituta, puntuazioz aurretik zioazen biak buruz-buru lehiatu ziren: Eneko Lazkoz eta Julio Soto. Eta epaia etorri zen: Julio Soto txapeldun eta 3 puntura, Eneko Lazkoz!

Juliok seigarren txapela du Nafarroan. Enekok laugarren aldiz eskuratu du bigarren postua; horietatik bi alditan, txapeletik 3 puntura gelditu da.

Finaleko bertsoaldi guztiak ikusgai ditugu www.bertsoa.eus atarian... Goza dezagun!

 

ENEKO LAZKOZ ETA JULIO SOTO, PILOTA PARTIDAN

Julio Soto eta Eneko Lazkoz dira Nafarroako txapeldun eta txapeldunorde.

Entzun ditzagun biak, 8ko txikian egin zuten bertsoaldian.

Gaia hau zuten: Lagunak zarete. Gaur pilota partida bat ikustera joan zarete frontoira. Partida hasi denetik Eneko oihuka eta zalapartaka ari da pilotariak animatzen. Konturatu zara telebista kamara zuek fokuratzen etengabe ari dela.

 

 

JOANESEK TRAJEA ESKATU XABATI ETA... TXORIMALOARI JARRI!

Umorez ariko dira Joanes eta Xabat Illarregi ere.

Honela zion gaiak: Lagunak zarete. Joanesek traje bat eskatu zion Xabati, duela aste batzuk. Gaur Joanesen baratzean txorimaloa ikusi du Xabatek, bere trajea jantzita.