Bertsozale.eus | Bertsoa.eus | BDB Bertsozale Elkartea | Bertsoeskola
Bertso Ikasgela logoa

Ikusi nuenean...

2022-02-25


Entzun al dugu inoiz kantu hori? Kopla zaharrei tiraka, berriak sortuko ditugu. Zaharberritzeko edo "tuneatzeko" prest?

 

SARRERA - ZER EGINGO DUGU?

Imitazioaren bidez, koplaren barruan puntu bat sortuko dugu. Konparazioak egiten ariko gara, gainera.

...eta zer ikasiko dugu?

Puntua bi lerrotan idazten.

Plazara!

Erakusketan jartzeko gure artelana osa genezake, kopla zahar eta berriekin horma-irudia konposatuz: collage ederra egin liteke, irudietan gorputz atalak eta konparazio elementuak nahasiz.

 

 

EREDUTIK IKASIZ - KOPLA ZAHARREI TIRAKA... JOLAS DEZAGUN!

 

Kopla ezagunak abestuko ditugu lehenik. Jarri arreta, ondoren memoria jolasak egingo ditugu-eta!

"Lotu irudiaz" jolasean, errimak pista ederrak emango dizkigu.

"Gogora ekartzen" jolasean, gure memoriak azken puntuak ondo gorde dituen jakingo dugu.

 

 

AZALPENA - PUNTUA BI LERROTARA EKARTZEN

 

Ikusi nuenean kopla sorta adibide egokia da, puntuak bi lerrotan nola idatzi ikasteko.

Izan ere, lehen puntua beti molde batekin hasten da ("Ikusi nuenean...") eta bigarrena ere beti beste molde batekin ("iruditu zitzaidan...").

Baina, zergatik idatzi puntuak bi lerrotan?

Eta nola antzeman non eten lerro bakoitza?

Hona azalpenak!

 

 

GU PUNTULARI! - ZENTZUMENEI KOPLA BERRIAK

 

Kopla zaharren moldeari segiz, has gaitezen kantuan!

Koplak zaharberritu dizkigu Maddalen Arzallusek, "iruditu zitzaidan..." sortan. Lehenik, eredu berri hau entzunez eta kantatuz gozatuko dugu.

Ondoren, gure koplak sortzeko gaia bost zentzumenak izango dira: zer ikusi, entzun, usaindu, ukitu eta dastatuko ote dugu?

Kopla bakoitzean, lehen puntua eta oina emango zaizkigu. Kopla errematatzea izango da jolasa, puntu bat sortuz.

Dinamika hau gelan egiteko karta jolasak ere erabili genitzake.

 

 

JOLASA- ERRIMAK IKUSTEN

 

Ikusi nuenean... abestu dugunez etengabe, froga dezagun zenbateraino zorrotzak ditugun gure begi-belarriak!

Pantailan, ezkerrean irudi bat agertuko zaigu eta, eskuineko irudi multzotik, berekin errimatzen duen irudia klikatu behar dugu, ahalik eta azkarren.

Amaieran, lotutako oin bikoteekin koplak osatzeko aukera dugu.